Berangoko PPk 22 milioi euro inguruan jarri du kiroldegia egiteko inbertsioa. Martinezek aipatu duenez, "horren bideragarritasuna justifikatzeko erabili ziren aurreikuspenak zeharo aldatu dira krisialdiaren ondorioz". Besteak beste, etxebizitzak eraikitzeko lurrak trukatuz lortu behar zuten finantzazioaren zati bat, baita zergak eta tasak igoz ere. Hala ere, egungo egoeran Udalaren zorra askoz gehiago handituko litzateke. Bestalde, Ezker Batuak herritarren artean galdeketa egiteko eta Hirigintza Aholku Batzordea osatzeko eskatu dio Landa alkateari. Koldo Martinezek adierazi duenez, "gehiengo absolutua baliatuz egiten dabiltzan beste burugabekeria bat da oraingoa". Zinegotzi federalistaren arabera, Lantzarten egin behar zuten kiroldegia. "Bertan, ordea, 200.000 euro inguruko tasatutako etxebizitzak eraiki nahi ditu Gobernu Taldeak, babestutako etxebizitzen edota alokairu sozialaren alde egin beharrean", EBkoak kritikatu duenez.
Egitasmoa ez da berria
Hasiera batean, Intxaurraga goiko aldeko eta Sabino Arana kalearen arteko alde handiak historikoki sortutako oztopo arkitektonikoak gainditzea zen asmoa. Udal iturriek azaldu dutenez, "proiektu estrategikoa da eta, handinahia dirudien arren, beharrezkoa da Berangoko auzoen arteko irisgarritasun arazoak konpontzeko". Herrigunean, pilotalekutik gertu, metroa estali nahi dute eraikinaren bitartez, Intxaurragako egungo aparkalekuaren azpian kiroldegia altxatzearekin batera. "Kiroldegiaren sagaiak lorategiez hornitutako plaza hartuko du, beirateen bitartez argi naturala barruraino sartzea ahalbidetzearekin batera. Aisialdirako gune hau 5.700 metro koadro baino gehiago izango ditu, zati bat estalita egongo dela", tokiko arduradunek gaineratu dutenez.
Kirola egiteko esparruak 5.210 metro koadro izango ditu, igerilekua, gimnasioa eta padel pistak kontuan hartuta. Horretaz gain, "herrigunean kultur ekitaldi gehiago egin ahal izateko guneak" ere izango dira. Besteak beste, tarteko solairuan, 106 metro koadroko aretoa egongo da. Horretaz gain, hainbat lokal hartuko ditu eraikinak; tartean, jatetxe bat eta zerbitzu publikoak. Ia 2.800 metro koadroko lur azpiko aparkalekua ere egingo dute. Udal arduradunen arabera, eraikin horren "beste abantaila bat" izango da Berangoko metro geltokia estalita egongo dela eta bidaiariek ez dutela trena atari zabalean itxaron behar izango.