Seme-alabek bete beharreko baldintzak dira ezkongabeak eta 21 urtetik beherakoak izatea, elbarriak edo lan egiteko ezgai badira salbu. Aipatutako adin-muga hori 25 urteetara igo ahal izango da ikasketak egiten ari badira. Diru-laguntza eskatu ahal izango dute 2011ko otsailaren 1ean familia ugariaren izaera zutenek, Getxon erroldatuta badaude. "Familia bakoitzari diru-laguntza bakarra emango diogu eta zenbatekoa aipatutako datan familiek duten kategoria (orokorra edo berezia) eta ohiko etxebizitzaren katastroaren balioa erabakiko dute", azaldu du Elena Coria Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak.
Eskaerak aurkezteko epea apirilaren 1ean amaituko da. Eskatzaileek, 2011ko otsailaren 1ean izaera hori dutela egiaztatzen duen titulua, familia erroldatuta dagoen etxebizitzaren zenbaki finkoa, ordainketa egin behar den finantzako erakundearen kontu korrontearen zenbakia, Getxo udalerriko errolda agiria, eskabidea aurkezten duenaren DNIaren fotokopia, zergen obligazioak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daramatzala adierazten duen deklarazio arduratsua eta Udal Administrazioari familiaren izaerari eta kategoriari dagozkien datuak ezagutzeko baimena aurkeztu behar dituzte. Eskaerak udaletxeko erregistro orokorrean, herritarrak artatzeko bulegoetan eta Legeak aurreikusitako tokietan aurkez daitezke. Informazioa www.getxo.net udal web gunean dago.
Hobariak
Bestalde, Getxo Kirolak erakundeak kuoten %25eko hobaria eskainiko die familia ugarikoak diren bazkideei. 2010ean, 708 familia ugarik izan zuten deskontua. Halaber, Musika Eskolan kuotaren %25 eta %50 arteko beherapenak izaten dira, familiaren kategoriaren eta etxebizitzaren katastroko balioaren arabera. 2010-2011 ikasturtean 119 familiatako 176 lagun izan dira onuradun; 15.209 euro, guztira. Ludotekak ere abantaila batzuk eskaintzen ditu eta horrela familia ugarien kategoria orokorreko kideei %25eko deskontua eskaintzen zaie eta kategoria berezikoei %40koa. Aurten 13 familia ugarik izan dute hobariren bat. Bestalde, iaz antolatutako udalekuetan 16 familiei egin zieten beherapena.