Leioara ere helduko da aurten Ekozinemaldia

Ekologistak Martxan erakundeak Ekozinemaldiaren bosgarren edizioa prestatu du. Euskal Herrian zehar ospatuko da otsailaren 17tik 25era bitartean, Kuba, Mexico, Mapu, Argentina, Txile, India, Brasil, Bolivia, AEB, Erresuma Batua, Espainia, Euskal Herria eta beste hainbat herrialdetako filmak eskainiz. Aurtengo berritasun nagusia ospatzen den leku kopurua da, Ekologistak Martxanek beste eragile batzuekin daukan harremanari esker. Horrela, Euskal Herriko 13 hiri eta herritan egingo da: leku batzuetan (Muskiz, Tolosa) egun bakarra izango da; beste batzuetan bi, hiru, lau; eta beste hainbat bost egunez edo gehiago (Bilbo, Leioa). Bakoitzean egitura desberdina izango du ekimenak, taldeen eta aukeren arabera. Horrenbestez, udalerri leioaztarrean, zazpi egunez izango dira proiekzioak, hilaren 18tik 25era, asteartea kendua. Emanaldi guztiak Udondo gaztetxean egingo dituzte, 20:00etan hasita. Hala ere, euskarazko pelikularik ez da izango bertan. Argazkian, besteak beste, Osvaldo Bayer gidoilari ospetsuaren "Awka Liwen" egongo da ikusgai Leioan / © Awka Liwen.

Zabalkuntza horren bidez, Ekozinemaldia leku berrietara iritsi da, Tolosa, Muskiz, Leioa edo Lizarra bezalakoak; eta iaz izandako bestetan ere egongo da: Usurbil, Irun, Lasarte, Errenteria eta Basauri, hurrenez hurren. Horiekin batera hasiera batetik egin den Bilbo, Iruñea, Donostia eta Barakaldon ere ospatuko da. Beti bezala, kultur etxeetan, auzo elkarteetan, elkarte politikoetan eta gaztetxeetan egingo dute Ekozinemaldia; baita euskaltegi eta helduentzako hezkuntza-zentroetan ere, Basauriko kasua bezala. Jaialdi guztia dohainik izango da aurten ere. Filmen artean aurten "Awka Liwen" argentinarra da aipagarria, Osvaldo Bayer gidoilari ospetsuarena. Mariano Aiello eta Kristina Hille zuzendariekin izango da emanaldietan Bayer. Film hori Argentinan izandako "lapurreta eta hondamenetan" datza, "konkistan eta ondorengo independentzian sortutako bere jatorrizko herrien genozidioarekin hasita eta egun harrobi eta nekazaritza erraldoien (soja) bidez jarraitua". "El final de la linea" pelikulak, berriz, egungo arazo larria bat, gain-arratza aztertzen du. Bestalde, klima aldaketari buruz dihardu "Age of Stupid" ikus-entzunezkoak; oraindik hemen estreinatu gabe dagoena. Duela gutxi hildako Pete Postlethwaite aktore ospetsua da azken horren protagonista.

Euskara

Aurten ere Ekozinemaldiak "ahalegina" egin du euskarazko filmeren bat eskaintzeko, kontuan izanda "ia ezinezkoa dela, hizkuntza honetan ez baita ekoizten", antolatzaileen arabera. Hala ere, baimena lortu dute bi pelikula euskaratzeko. Horrela, "Historia de cosas" horrenbeste arrakasta lortu duen Annie Leonard-en azken ekoizpena euskaratu dute. Laugarren filma da Leonard hondakinak eta kontsumo gizartea aztertzen hasi zenetik. Klima aldaketari buruzko "Wake up, freak out" (Adi eta mugi!) film laburra ere gure hizkuntzan jarri du Ekologistak Martxan erakundeak. OMALek (Observatorio de Multinacionales en America Latina) egindako "El segundo desembarco" ekoizpena ere euskaraz ikusi ahal izango da. "Gure Boliviarekiko zor ekologikoa" ere egongo da ikusgai.

Leioan izango diren proiekzioak:

- Otsailak 18, ostirala: "El segundo desembarco" eta "Historia de Tapa y comercio".
- Otsailak 19, larunbata: "La tierra es nuestra"
- Otsailak 20, igandea: "El poder de la comunidad. Como Cuba sorbrevivio al pico del petroleo"
- Otsailak 21, astelehena: "El final de la linea"

- Otsailaren 22an ez da pelikularik egongo

- Otsailak 23, asteazkena: "Alta tension. Una brecha en el territorio" eta "Vientos de resistencia"
- Otsailak 24, osteguna: "Awka Liwen"
- Otsailak 25, ostirala: "Ralco un mal negocio"

Film guztiak espainolez eta 20:00etan proiektatuko dituzte, Udondo gaztetxean.

Leioan espainolez emango badute ere, "El segundo desembarco" dokumentalak azpitituluak eta narratzaile ahotsa euskaraz dituen bertsioa ikus daiteke sarean, "Bigarren lehorreratzea. Espainiako multinazionalak Latinoamerikan" izenpean.

"Bigarren lehorreratzea. Espainiako multinazionalak Latinoamerikan" (© Omal eta Bakea eta Duintasuna)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun