Urtarrilaren 26an bere bikotekide ohiarengandik urruntzeko zuen agindua haustea egotzi zioten gazte berbera, S.C.V. inizialak dituen 26 urteko gizona, atxilotu du gaur Getxoko Udaltzaingoak. Udal iturriek zabaldu dutenez, arlo horretako zaintza eta jarraitze lanak egiten ari ziren poliziek topatu dute Algortako kale batean, bertara ezin denean hurbildu, bikotekide ohia herrian bizi delako. Berehala, atxilotu eta epailearen aurrera eraman dute udaltzainek. Gertakari honen aurrean, Keltse Eiguren Berdintasun zinegotziak bere gaitzespena agertzeaz gain, adierazi du “urruntze-agindu bat ez betetzeak esan nahi duela erasotzaileak biktimaren eskubideak urratzen jarraitzen duela”. Azpimarratu duenez, “horrelako ekintzek aipatu eskubideak beldurrik gabe erabiltzea galarazten dute”. Argazkian, Algortako Bilgune Feministaren protesta bat.