Ostalaritza laguntzaile ikastaroaren bitartez, 12 ikaslek trebakuntza hasi dute Fadura Ostalaritza izeneko Algortako zentroan. Prestakuntza teorikoarekin batera, 320 orduko iraupena izango dute praktikek, Getxolan eta Peñascal Fundazioaren arteko hitzarmenari esker. Aitor Soloeta Ekonomia Sustapenerako zinegotziak esan duenez, “abenduan Faduran inauguratutako ostalaritza zentroak lana topatzeko zailtasunak dituzten pertsonentzako kalitatezko enplegua sortu eta Getxon estrategikoak diren sektore hauetan profesionalak trebatu nahi ditu”. Interes sozial handia duen proiektua da, irabazi asmorik gabekoa, udal agintariak nabarmendu duenez. Sektore horietan eskarmentu handia daukan eta lan-munduan pertsonak txertatzen diharduen enpresa batek, Peñascal Fundazioak, kudeatuko du. Gainera, datozen sei urteetan 26 lagun kontratatuko dituzte. Argazkian, ikasleak Imanol Landa alkatearekin / ©  Getxoko Udala. 
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!