Ofizio askotako langilea edo peoia (elektrizitatea, igeltserotza, iturgintza, pintura, landa-bideak garbitzea edota landa-eremuen atontzea) da tokiko erakundeak bilatu eta kontratatu duen profila. Hasteko, herriko hainbat kaletako espaloiak konponduko dituzte: Europa plaza, Karl Marx (Aldaieta kalerantz doan aldean), Jose Luis Goioaga (San Jeronimo eta Obieta artean) eta Antonio Trueba, besteak beste. Gazteei dagokienez, Udalak hamabost langabetu kontratatuko ditu sei hilabeterako "+Euskadi 2009" programaren bidez. 34 urtez azpikoak dira guztiak. Ekimen berri horrekin, kontratatutako pertsonek umeen eta adinekoen behar sozialak asetzen egingo dute lan, aisialdirako programa berrietan. Bideratutako zerbitzuak honakoak izango dira: bi ludoteka, bata Altzagan eta bestea Astrabuduan; adinekoentzako jarduera zikloak, sei hilabetez, ziklo bakoitzak 15 eguneko iraupena duela; eta belaunaldien arteko udaleku irekiak, bi asteko zikloetan.
2010ean 123 lanpostu
Erandioko Udalak 123 lanpostu sortu zituen 2010ean, Behargintzak bultzatutako hainbat ekimenaren bitartez. Horri gehitu behar zaio beste 121 lagunek jaso zuten heziketa hainbat espezialitateetan. Auzolan lan-gizarteratzeko programari esker, 24 lagun kontratatu ahal izan ziren sei hilabetez, landa bideak garbitu eta eraikinak mantentzeko. Etxez-etxeko laguntzaileen enplegu tailerrak 9 emakume langile izan zituen. Lanbide Lanpostu 2010 programak bidea eman zuen 90 lanpostu berri sortzeko. Halaber, Hasierako Lanbide Prestakuntzako Programak 48 ikasle izan zituen, hainbat espezialitatetan (iturgintza, elektrizitatea edo gozogintza). Lanerako prestakuntzaren arloan, sei heziketa-ekintza eraman ziren aurrera: garbitasuna, sormen-teknikaria, dendako saltzailea, sukalde laguntzailea, ile-apainketa/estetika eta giza-baliabideak. Denera 73 lagunek parte hartu zuten.