Bihar estreinatuko dute “Leioako herri meza” izenburuko musika pieza. Josu Elberdin pasaiatar musikagile ezagunak idatzitako lana da. Hitzordua arratsaldeko zazpietan jarri dute, Leioako San Juan Bataiatzailea elizan, bertan egingo baitute meza nagusia. Jose Ignacio Sarria aipatu parrokiako abesbatzaren zuzendariak adierazi duenez, “partituran islatzen den meza-emailearen, herriaren eta ahots mistoen koruaren arteko bat egitea dakar konposizioak. Horren ondorioz, liturgiako txatal abestuak eukaristia ospakizunean esku hartzen duten hiru multzo horien baterako abesti bihurtzen dira”. Soinu Atadia Udal Fundazioaren (musika eskola) bitartez, Leioako Udalak Josu Elberdin musikagileari egindako eskariaren emaitza da meza bitxi hori. Ekitaldi erlijiosoan parte hartuko duten herritarrei ordu erdi arinago parrokian egotea eskatu diete udal iturriek, entsegua egiteko aldez aurretik. Argazkian, San Juan Bataiatzailearen eliza / © Leioa.net.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!