"Batasuna legez kanpoko alderdiaren segida" delakoan, Sortu alderdi politikoa ez erregistratzeko eskatuko dio
Fiskaltzak Espainiako Auzitegi Gorenari,
Europa Press albiste agentzia espainolak zabaldu duenez. Martxoaren 11 baino lehen joko du Gorenera inpugnazioa sartzera. Fiskaltzak epea ahal den gehien agortzen badu —herenegundik hogei egun ditu—, Sortuk epe aldetik maiatzaren 22ko udal eta foru bozetan izateko aukera txikiagoak izango ditu, apirilaren 18rako hauteskunde zerrendak aurkeztuta izan behar direlako. Sortuko sustatzaileak
hilaren 9an joan ziren Espainiako Gobernuko Barne Ministeriora alderdia erregistratzera. Espainiako Gobernuak pausoak eten egin ditu, eta haren estatutuak
Fiskaltzari eta Estatuaren abokatuari igorri zizkien herenegun. Gobernuak haiei emandako dokumentazioaren artean, Guardia Zibilaren txosten batek dio Sortu "ETAren zerbitzura" dagoela. Espainiako Poliziaren txosten bat ere bada; alderdia ustez nola sortu den esaten du eta Batasunarekiko ustezko loturez ere ari da. Argazkian, Candido Conde Pumpido Espainiako fiskal nagusia / cc-by-sa Manhattan.