Pasa den igandean, otsailak 20, zortzi urte bete ziren Guardia Zibilak "
Euskaldunon Egunkaria" itxi zuenetik. Halere, auzi nagusiko auziperatuak Espainiako Auzitegi Nagusiak iaz absolbitu arren, oraindik indarrean jarraitzen du auzi ekonomikoak Donostiako epaitegietan, bertan zortzi auzipetu daudela.
Berria.info-k zabaldu duenez, "ez da oraindik auzia amaitu. Ez, uste gehienen aurka ziurrenik, oraindik bukatu gabe dago", gogoratu dute gaur goizean Andoainen Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Joxe Mari Sors, Ainhoa Albisu, Mikel Sorozabal, Begoña Zubelzu eta Fernando Furundarenak. Horiek zein Txema Auzmendi dira auzipetuak. Zortziei zerga iruzurra egitea, diru kontuak faltsutzea eta diru laguntzen iruzurra egitea egozten diete. Dignidad y Justicia talde ultraeskuindarrak daraman herri akusazioak 13 urtetik 26 urtera bitarteko kartzela zigorra eta isun ekonomiko handiak eskatzen ditu haientzat. Bestalde, Iñaki Uriak "kalte ordainak eskatzen hasteko ordua" dela baieztatu zuen igandean "Berria" egunkarian argitaratutako
"Zuzenbide estatua eta adierazpen askatasuna" artikuluan. Argazkian, 2009ko abenduaren 19an, "Egunkaria" auziko akusatuen aldeko mobilizazioa egin zuten Bilbon milaka lagunek.