EAJ, PP eta PSE dira krisira eraman gaituen sistema neoliberalaren bultzatzaile eta defendatzaileak. Ez da soilik eredu ekonomiko baten krisia, krisi politikoa da, soziala, baloreena. Aldaketa azkar eta sakona behar dugu. Derrigorrezkoa dugu egungo eredu politiko eta sozioekonomikoa errotik aldatzea eta nazio eta herritar gisa dagozkigun eskubideak garatzeko aukerak irekitzea.
Orain arteko politikaren ardatzak errotik aldatzeko garaia da beraz eta zure esku dago. Aldaketaren eragile izateko ordua da. Aldaketaren gidaria izan. Oraingoan bai. Zure ahotsa, gure hitza!
Herritarren ahotsa jaso ahal izateko bitartekoak jarriko ditugu, zure ahotsa entzuteko, udaletan herritarren parte hartzea bultzatu dugulako eta bultzatu nahi dugulako, Euskal Herria eta herritarrak direlako gure helburu.
Horregatik herri programaren osaketarako, abertzale, ezkertiar eta independentisten parte hartzea bilatzen dugu, herrietan eta auzoetan. Gaur bertan Getxon kalera irten gara, bai Algortan eta bai Itzubaltzeta-Romon.
Denon artean herri programa osatuko dugu.
- Krisiak sortzen dituen arazoak ukitzen dituen herri programa.
- Euskal Herrian irekitzen ari den prozesu demokratikoa dastatuko duen herri programa.
- Haize freskoa ekarriko duen eta benetako aldaketa politiko eta soziala eragingo duen herri programa.
- Getxoko bazter guztietan euskaraz mintzatuko den herri programa.
- Emakumeen ahotsaz entzungo den herri programa.
- Amalurra gure herritik bertatik babestuz, porlanaren hedapena Getxon geldiaraziko duen herri programa.
- Kultura ikuskizuna baino, jendearen kultur ekintza eta parte hartzea jorratuko duen herri programa.
- Nagusiekin hitz egitera eseriko den eta gazteekin musika eta hitza izango duen herri programa.
- Eskuz idatzitako eta sarean zabalduko den herri programa.
Denon artean osatuko dugu herri programa. Parte hartzeko deia luzatu nahi dizuegu eta bide horretan zure ahotsa gure hitza izango da.
Getxoko ezker abertzalea
herriprograma2011.net/getxo
Ikusi larunbateko ekimenen argazkiak: