Getxo udalerriko 30 eragilek (euskaltegiak, komunikabideak, herriko elkarteak eta taldeak, ikastetxeak...)
Sarea josten ekimena abiatu zuten iazko otsailean. Helburua erraza zen: herriko euskaldunak elkartu, elkar ezagutu eta elkarrekin jarduera xume batzuk antolatzea. Besteak beste, irratsaioak, erakusketa bat, hitzaldiak, dantzaldiak, bazkari bat... izan ziren bi astez. Aurten ere batzeko eta elkarrekin lan egiteko asmoa dutenez, hainbat ekimen darabilte buruan. Horietatik, lehenengoa, ostiral honetan egingo dute Algortako Villamonte kaleko kultur etxean. 17:30etik 20:30etara "berbakafea" izeneko ekimenean parte hartuko dute euskaltzale ugarik. Sarea jostenetik azaldu dutenez, "word coffe" dinamika bat da, metodologia bat, pertsona batzuek gai batzuei buruz hitz egiteko, eztabaidatzeko eta hausnartzeko, denon artean. Horrenbestez, aipatu arratsaldean, 40 lagun inguru elkartuko dira, Getxoko hainbat talde, elkarte eta eragiletakoak, eta honako bi puntu hauen inguruan hausnartu, eztabaidatu eta hitz egingo dute: euskararen egoera Getxon eta Sarea josten ekimena. Argazkian, udalerriko hainbat lagun euskararen alde tiraka.