Gauegun gaztelekuan ate irekien jardunaldia antolatu du igande honetarako
Getxoko Udalak. Gauzak horrela, bertan egoten diren neska-mutilen gurasoek zein interesatuta dauden guztiek ekipamendua ezagutu ahal izango dute,
Gazteria Zerbitzuaren eskutik. Hala ere, "erabiltzaileen gaineko informaziorik ez da emango, ekipamenduari buruzkoa baizik. Horien intimitatea bermatuta geratuko da", tokiko arduradunek zehaztu dutenez. Ate irekien jardunaldia bi txandatan egingo dute. Lehenengoa 17:15ean hasiko da 15 minutuko aurkezpen labur batekin, gaztelekuko erabilera anitzeko aretoan. Bileran dinamizatzaile taldea aurkeztu eta funtzionamendu arauak azalduko dizkiete aita-amei, baita zalantza eta galderei erantzun ere. Ondoren, lokala bisitatu ahal izango dute (18:15ak arte). Bigarren txanda 18:30ean hasi eta 19:30ean amaituko da, dinamika berbera jarraituz. Informazio gehiago 944 660 356 telefono zenbakian eskura daiteke. Argazkian, hainbat gazte Algortako Urgull kaleko Gauegun gaztelekuan / © Getxo.net.