
Euskal Herriko bertsolari gazteentzako Abra Saria etzi, ostiralean, jokatuko da Algortan, iluntzeko 9etan. Sariketa bertso afari formatuan izango da Ugartena jatetxean, Karitate kaleko 2. zenbakian, Teilagorri plaza ondoan. Bada, Algortako Bertsolari Eskolak gogoratu duenez, gaur da azken eguna afarian izena emateko. Afarirako txartelak eskuratzeko albegetxo[abildua]gmail.com posta elektronikora idaztea edo 605 704 385 telefonora hots egitea baino ez da egin behar. Hamabi euro kostatuko du afariak. Etxeko ordezkaria Imanol Uria Albizuri algortarra izango da, Jone arrebak iaz irabazitako txapela tokian gelditzeko ardura bizkarrean hartu duena. Bertsokideak, Eneko Arrate markinarra, Ainhoa Comas amurrioarra, Ainhoa Mujika beasaindarra, Asier Azpiroz zubietarra eta Iñaki Aleman iruritarra izango ditu. Gaiak Beñat Vidal leioaztarrak banatuko ditu. Argazkian, Imanol Uria iazko eskualdeko txapelketan.

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!