Inoiz ez dugu horrenbeste ekologia hitza entzun, baina inoiz ez da horrenbeste hondatu, horren azkar eta goseti kontsumitu. “Garapen” mugagabe eta geldiezinaren jasangarritasuna mitoa da, balazta zapaltzea irmo eskatu behar dugu, gure osasun eta ingurumenaren babesa lehenetsi behar dugu.
Iraila hasieratik, lurraren defentsan dihardugun zenbait talde biltzen hasi gara, Bizkaia pairatzen ari den hondamenari kolektiboki aurre egiteko beharrak bultzatuta. Bi premisa oinarrizko eta amankomunak elkartzen gaituzte:
1. Ingurumena erasotzen duten makroproiektuak gelditzearen beharra.
2. Makroproiektu hauek kokatzen diren herrien erabakitze eskubidearen defentsa eta Bizkaia nolakoa izango den erabakitzeko herritar guztion eskubidea.
Hau guztia dela eta, martxa aldarrikatzaile batera dei egitea erabaki dugu. Martxa, lurraren defentsan eta herritarron garaipenaren alde egingo da, apirilaren 2 eta 3an. Plentziatik irtengo gara Uribe Kosta zeharkatuz eta Muskizen emango diogu amaiera. Bertan, Petronorren eta La Arena hondartzaren dragaren kontra diharduten herri borrokekin bat egingo dugu.
Bizkaia Benetan Maiteren aldarrikapen honekin bat zatozten eragile guztiei atxikimendua eskatzen dizuegu. Adierazpen honek ahalik eragile gehienen babesa izan dezan.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.