Jose Luis Bilbao azaldu duenez, “zentro honen sorrera erakundeen arteko lankidetzaren adibide egokia da, zeren zentroa kokatu den orubea Getxoko Udalarena zen, eta hark Bizkaiko Foru Aldundiari laga dio orubearen erabilera, ekimen berritzaile hau abian jartzeko”. Horrez gainera, desio bat ere adierazi du: jarduera hori "aukera handia izan dadila Getxorentzat, nabarmenki lagunduko baitu udalaren garapen ekonomikoan, teknologiaren arloko enpresarik gailenak eta nazioartean garrantzia duten bisitariak erakarriz”. Ondoko hau ere nabarmendu du ahaldun nagusiak: “BiscayTIK geroko Bizkaiaren eredua da, geroko Bizkaia hori ezagutzaren, teknologiaren, zientziaren eta berrikuntzaren zimenduetan oinarrituko baita. Eta arlo horietan lider izan beharko dugu, erreferentzia izan behar dugu gure lurraldean eta hemendik kanpo".
BiscayTIK ezagutzaren zentroa
BiscayTIK administrazio elektronikoaren esparruan zentratu da, eta bokazioa du hasieratik "munduan erreferentzia" izateko, administrazio elektronikoaren arloan Aldunditik diotenez. Horrez gainera, Bizkaiko lurralderako "aberastasun-sortzailea" izateko helburua du, "bai diru-sarrerak sortuz, bai enplegua sortuz, bai ezagutza sortuz". Zenbait jarduera-ildo izango ditu, administrazio elektronikoarekin eta herritarren zerbitzuak teknologia berrien bidez ematearekin zerikusia dutenak: produktu berrien garapena; ikerketa eta berrikuntza; gertaeren eta zabalkunde ekintzen sustapena; eta prestakuntzako hainbat eginkizun, beka eta masterren bidez.
Ezagutzaren zentroak enpresarik berritzaileenak hartuko ditu, eta BiscayTIK proiektuaren esparruan garatu ahalko dituzte beren jarduerak, edo, bestela, beste proiektu batzuei heldu, baina beti administrazio elektronikoarekin zerikusia dutenak. Bake Ederreko lanak Azpiegiturak foru enpresaren bidez egin dira, eta 10,3 milioi euroko inbertsioa behar izan dute (gehi BEZa).
BiscayTIK proiektuaren aurrerapenak
Bizkaiko Foru Aldundiak 25 milioi euroko inbertsioa egin du guztira BiscayTIK proiektuan. Egitasmo hori 2007an jaio zen, eta honako helburu hau zuen: "sistema informatiko integral bat sortu eta mantentzea, Bizkaiko herritarrei erraztasunak emateko, etxetik egin zitzaten, Interneten bitartez, administrazio-kudeaketa hainbat, toki-administrazioekin". Horrez gainera, posta helbide elektroniko pertsonalizatuak jarri nahi ziren herritarren esku, eta BiscayTIK ezagutzaren zentroa sortu, teknologia berrien erabileraren bidez toki-administrazioak modernizatzeko.
Proiektuari heldu ahal izateko, BiscayTIK egitasmoak honako administrazio hauen laguntza izan zuen, administrazio pilotu legez jarduteko: Galdakao, Balmaseda, Abanto-Zierbena, Mundaka eta Arratiko Mankomunitatea. Gaur egun, "aurrerapen handiak" egin dira. Hona hemen Aldunditik nabarmendutakoak:
- Dagoeneko, 200 lagunek egiten dute lan BiscayTIK proiektuan edo proiektuarentzat.
- Bizkaiko 65.000 lagunek (14 urtetiko gorakoak) bizkaia.eu markako helbide elektroniko bat aktibatu dute, eta, horrez gainera, pasaporte digital legez ere erabili dezakete, balio erantsiko zenbait zerbitzutara sartzeko: Interneten bidezko trebakuntza ikastaroak, aisialdia edo udalekiko izapideak.
- Gehien erabiltzen eta eskatzen diren 17 kudeaketa administratiboak Interneten bitartez egin daitezke orain, eta sistema horren bitartez, laster, 100 izapide egin ahalko dira horrela. Oraingoz, 1.800 langile publikoko erabiltzen dituzte aplikaziook.
- 70 udal eta 8 mankomunitate baino gehiagoa gehitu zaizkio BiscayTIK proiektuari, eta haien zerbitzuak modernizatzen hasiak dira, herritarrak administrazio-izapideak elektronikoki egiteko aukera ematen duten web orrien bitartez.
- BiscayTIK ezagutzaren zentroa, berriz, errealitate bat da dagoeneko, eta, datozen hileetan, enpresez eta erakundeez betetzen hasiko da, denak lan egin dezaten mundu guztiko toki-administrazioentzako azken belaunaldiko zerbitzuak eta produktuak sortzen. Horrez gainera, aberastasun erantsia, ekonomikoa sortuko du denboran zehar, edo ezagutzaren transmisioari loturikoa; azken batean, Bizkaiko Lurralde Historikoko pertsonen eta enpresa-ehunaren hazkundeari zuzenduriko aberastasuna.
Proiektuaren zabalkundeari dagokionez, BiscayTIKen arduradunek hainbat sustapen eta dibulgazio ekitaldi egin dituzte urte hauetan. Proiektuaren berri zabaltzeko jardunaldi eta hitzaldietan parte hartu dute, eta aliantza berriak bilatu dituzte proiekturen garapenean eta hazkundean. Honako hauek nabarmendu dituzte jardueron artean: BiscayTIK Beka, EHUko eta Deustuko Unibertsitateko 15 ikaslerentzat; nazioarteko hainbat eta hainbat ekitalditan parte hartzea beste horrenbeste herrialdetan, hala nola, AEBn, Ingalaterran, Norvegian, Kolonbian eta Mexikon; eta azkenik, Bizkaiko populazioaren sektore guztietara heltzeko asmoaz, hainbat ekitaldi, jardunaldi eta azokatan parte hartzea: Nagusi, Prestik, Euskal Encounter, eta abar. "Ekimen horrek duen izaera internazional eta arrakastatsuaren adierazgarri da ere Bizkaia izango dela 2011n Hiri Digitalen Topaketa Iberoamerikarraren egoitza", aipatu dute foru arduradunek. Uda ostean izango da hori, eta 2.000 bat lagun biltzea espero dute, Bilboko Euskalduna Jauregian.