Hirigintza zinegotziak azaldu duenez, 1.491 metro koadroko eremuan egiten ari diren lanak, igarobideak, sarbideak eta oinezkoak egoteko guneak —bai plazakoak, bai ingurukoak— indartzeko; eta plaza inguratzen duten bi kaleak oinezkoentzat egokitzeko dira. Auzoan zirkulazioa ere geldotu egingo omen da. Taxi geltokia zegoen kale tarterako egiten den proposamenak jasotzen duenez, zati hori oinezkoentzat izango da. Bertan, estali gabeko museoa egokituko da, Bizkaiko Zubiko pieza historikoak, XIX mendekoak... bilduko dituena, eta probalekua ere lekutuko dute. “Museoa elementu bitxia izango da, esparru berezi batean kokatuko dena, eta gure udalerriaren historiarekin lotuko gaituzten elementu batzuk edukiko ditu. Bestalde, probalekua, ez da kirolari lotuta egongo. Helburu estetikoa, alegorikoa izango baitu, hots, iraganari, gure landatar jatorriari eta garaiko sinbologiari egiten zaion begi-keinua da. Izan ere, zubia zerbitzua ematen hasi zenean garraio sistema idi-gurdia zen”, azaldu du Arregik. Bere hitzetan, probalekuak larrialdi zerbitzuen sartu-irtenak bermatuko ditu.
Plazaren beste alderdiko kale tartea oinezkoentzat egiteko burutazioa "inguruko auzokideena" da, Hirigintza zinegotziaren arabera. “Hasiera batean aurreikusten genuena baino proposamen aurreratuagoa da eta zirkulazioari ez dio trabarik egingo, propio egindako ikerketek halaxe egiaztatzen baitute. Horrez gainera, kale tartea oinezkoentzat egitearekin batera berdegune berriak egokituko dira, eta hartara, plaza erdian dagoen iturri inguruko berdegunearekin lotuko dira. Jarduketaren bigarren fase honetako proiektua laster esleituko dugu”, gehitu du Arregik. Argien bitartez, halaber, egoteko guneak indartuko dira eta hogei bat banku ipiniko dira: horietatik 12, argiekin eta inguruneari egokitutako diseinu bereziarekin.
Bizkaiko Zubiaren babesa
Hirigintza zinegotziak azpimarratu du proiektua Bizkaiko Zubia kudeatzen duen enpresarekin adostu dela eta Areeta bertako Arquiplan estudioko Juan Carlos Cardenal arkitekto getxoztarrak zuzentzen duela. "Honek ondo aski ezagutzen du auzoko historia zein idiosinkrasia", aipatu duenez. Jose Maria Arriaga Bizkaiko Zubiko presidenteak, bere aldetik, "pozik" daudela adierazi du, "museoari esker, Bizkaiko Zubiaren inguruak eta bere irudia ikuspuntu jantzi eta dinamikoagotik hobetu egingo direlako, plaza askoz zabalagoarekin gainera". "Horregatik, proiektuari gure babes osoa eman diogu”, amaitu duenez.