Frankismoaren ikurrak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako esparru eta eraikin publikoetatik kentzea aho batez onartu dute gaur Eusko Legebiltzarra osatzen duten alderdiek. Erabakiak bi gauza eskatzen dizkio Eusko Jaurlaritzari: ikurren katalogo bat egitea eta horiek desagerrarazteko lanen zati bat ordaintzea. EAJk, PSE-EEk eta Aralarrek frankismoko ikurren inguruko testua adostea lortu dute eta idatzi horrek PP, EA, EB eta UPyDren babesa jaso du. Gauzak horrela, dirudienez,
Jose Daniel Lacalle Larraga militar zein hegazkinlari kolpistari eta Francoren Aireko ministroa izandakoari emandako
urrezko domina (espainolez, pdf) kentzea beste aukerarik ez du izango
Plentziako Udalak. Izan ere, gaur adostutakoari erreparatuta sinbolo fisikoez ari garela eman dezakeen arren, Espainiako Kongresuak onartutako
Memoria Historikoaren Legeak —hori du oinarri gaurko adierazpenak— argi uzten du, armarri, intsignia, plaka eta bestelako objektuez gain, "aipamenak" ere katalogatu eta ezabatu behar direla. Ez egitekotan, diru-laguntza publikoak kentzeko aukera ere aurreikusita dago. Argazkian,
alkate frankisten irudiak Plentziako udaletxean / ©
Plentzia, Gorliz eta Lemoizko ezker abertzalea.