Mendebaldeko Saharara abiatuko da bihar Jon Salvador ertzain eta atleta erandioztarra. Astelehenean bertan, El Aaiun eta Smara arteko 42 kilometro eta 195 metroko duna eta hondar tartea zeharkatuko du korrikalariak, basamortuko maratoiaren hamaikagarren edizioan. Iaz lortutako garaipenari eusten ahaleginduko da Salvador. Probako errekorra ere apurtu zuen, bi ordu, 42 minutu eta 40 segundoko denbora eginez. Aurten, baina, ez du horren erraz ikusten erandioztarrak. Lasterketan lau urtez —aurten bosgarren urtea da— parte hartu arren, iaz erabaki zuen maratoia —maratoi erdia (21 kilometro) eta hamar kilometroko lasterketa ere badaude— egitea eta, bere ustez, "ezustean harrapatu" zituen guztiak. "Ondo prestatuta noa, baina presio apurtxo bat ere badaukat, iazko irabazlea naizelako. Gutxienez, podiumera igotzea espero dut", adierazi du Salvadorrek. Erandioko Udalak bidaia, ekipamendua eta ostatua ordaintzen lagundu dio, Asier Zubiaur Kirol zinegotziak aipatu duenez. Argazkian, Jon Salvador Joseba Goikouria alkatearekin, gaurko prentsaurrekoan.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!