Mendibaiarte abesbatzak antolatuta, Erandioko Habanera Jaialdiaren zortzigarren edizioa ospatuko dute bihar, larunbata, Altzaga kiroldegian. Aurten, gainera, erandioztarrak dira bertan arituko diren talde guztiak. Itsaso Larrea aipatu koruaren zuzendariak "ez zuen bitan pentsatu" Santi Neira Kultur zinegotziak horixe bera proposatu zuenean, udal ordezkariak atzoko prentsaurrekoan azaldu zuenez. Gauzak horrela, Mendibaiarterekin batera, Erandioko Udal Musika Banda eta Altzaga eta Abots Alai emakumeen abesbatzak arituko dira biharko emanaldian, iluntzeko zortzietatik aurrera. Orotara, 22 pieza interpretatuko dituzte, "horietatik erdia ia ezezagunak", Larrearen arabera. Neiraren hitzetan, erandioztarrek oso gustuko dituzte itsas kantak eta habanerak, "Erandio beti izan delako itsasadarrera begira". Urtero bezala, Altzaga kiroldegia betetzea espero dute aurten. Argazkia: © Bizkaia.net.