Guztira, jakintza arlo guztietako 316 tesi irakurri ziren iaz. 2000 eta 2005 bitartean 200 aurkezten zirela kontuan hartuta, ikertzaileak prestatzeko gaitasuna %40 igo da, EHUko arduradunen arabera. Tesien igoera jakintza arlo guztietan eman da, baina baloreak nabarmenagoak dira arlo teknikoetan eta gizarte eta giza zientzietan. Halaber, 2000n lizentziatuen %4k doktoregoa bukatzen bazuen, portzentajea %11ra igo da 2010ean. “2005ean ekitaldi hau antolatzen hasi ginenean, helburua 2012an %10era heltzea zen eta dagoeneko gainditu dugu”, azpimarratu zuen Akademia Antolakuntzako errektoreordeak.
Gero eta gehiago dira tesi europarrak. Tesi bat europarra izateko Europako beste ikerketa gune batekin elkarlanean egin behar da eta epaimahaian ikertzaile atzerritarren bat egon behar du, besteak beste. Euskaraz defendatutako 23 tesietatik hiru europarrak dira. Bestalde, 2010eko 316 tesi-egileetatik 159 emakumezkoak dira eta, horrezaz gain, jakintza arlo guztietan banaketa %40 eta %60ren bitartekoa da.
Egungo ikasturteari dagokionez, graduondoko ikasketetan 4.475 ikasle matrikulatu dira. Haietariko 1.762 doktoregora sarbidea ematen duten masterrak egiten ari dira. Graduondoko ikasle guztietatik %51 beste unibertsitate batzuetatik datoz eta horietariko %60 atzerriko unibertsitateetatik. Euskal Herriko Unibertsitateak jakintza arlo guztietan eskaintzen du doktoregoko prestakuntza (15 programa zientzia esperimentaletan; 16 arlo teknikoetan; 9 osasun zientzietan; 21 gizarte zientzia, juridiko eta ekonomikoetan eta 10 arte eta giza zientzietan). “Gizarteari profesionalen prestakuntza bermatu diogu: maila handiko adituak, zientzialariak eta humanistak, baina batez ere, gizadiaren iraupen iraunkorrak sortzen dituen galdera gero eta zailagoak erantzuten eta aurreikusten kapazak izango diren unibertsitarioak prestatu behar ditugu”, esan zuen González Muruak.
Ikertzeko askatasuna
Bere aldetik, errektoreak ikerketak garatzeko askatasunak duen garrantzia azpimarratu zuen. “Unibertsitateko aktibitate ikertzaileak askatasunez ezagutzeko bultzagarria, aplikazioa eta grina izan behar ditu. Ikerketaren ikuspegi aske hau ez dago interes politiko, enpresarial, militar edo erlijiosoekin lotuta. Ikertzeko askatasuna ez da unibertsitatearen kudeaketa organoetara ere mugatzen. Hauxe da katedra askatasuna aldarrikatu eta defendatzeko beste arrazoi bat, baita ezagutza berria sortzean dituen eragin onuragarriak aitortzeko”, esan zuenez.
Ekitaldian 2007-08 ikasturteko doktoregoko sari ezohikoak ere banatu ziren. Sariok ematen dizkie EHUk nazioartean goraipamenik handiena izan duten tesiei, bi urtean egindako bidea aztertu ondoren. Horiek banatu ondoren, EHUko Kirurgia irakasle titular Joaquin Losada doktoreak "Oportunidades y retos para la investigacion en el area de la salud" izeneko hitzaldia eskaini zuen. Losadak translazio-ikerketaren garrantzia azpimarratu zuen. Ikerketa hori emaitzak zabaltzen saiatzen dena da, gaixoen eta gizartearen osasuna hobetzeko. Adierazi zuenez, ikerketa mota hori garatzeko beharrezkoak dira: gizartearekin, produkzio sektorearekin, unibertsitatearekin, ikertzaileekin eta osasun sistemekin konfiantzazko harremana ezartzea; etorkizuneko ikerketa taldeak prestatzea; eta azpiegiturak hobetu eta sortzea.