Euskaldunon elkarteak, gizarte mugimendu autoeratu eta eragilea
Bilkuran, euskaldunon gizarte mugimendu antolatuak euskararen eta euskaldun hiztunen komunitatearen garapenean bete duen funtzioa azpimarratu zuten eta, etorkizunean ere, hizkuntzaren biziberritzea gizarte mugimenduaren eskutik gauzatu ahal izango dela ekarri zuten gogora. Euskaldunon elkarteek, herriz herri, Euskal Herri osoan, gizarte mugimendu horren ordezkaritza izan dute, eta hurrengo urteotarako euskaldunon bilgune izaten jarraitzeko apustua egin zuten. Horretarako, gizarte mugimenduak botere gune politiko, ekonomiko eta sozialetan eragiteko duten konpromisoa bere egin zuen euskaldunon elkarteen mugimenduak.
Izan ere, mende laurdena baino gehiago pasa da lehen Euskara Elkartea sortu zenetik. 1983 urtetik aurrera herriz herri euskaraz bizitzeko hautua egin zuten hainbat euskaltzaleren ekimenez sortutako gizarte mugimendu hau, euskaldunon bilgune izateko eta euskaldunon komunitatea trinkotzeko bokazioarekin sortu zen. Orduko amets eta beharrek bere horretan jarraitzen dute eta euskaldunon elkarteen funtzioek ere badiraute. Urteotan egindako lanari esker, mugimendu honek 20.000 bazkide kuotadunetik gora, 450 langile eta 1.400 boluntario bildu ditu; herriz herri, eskualdez eskualde, euskaldunon bilgune autoeratuak antolatuz eta milaka egitasmo martxan jartzen dituztenak.
Asko dira urteotan euskaldunon elkarteek landu dituzten arloak eta sortu dituzten egitasmoak. Bereziki azpimarratzekoak dira euskarazko toki hedabideak, kultur dinamika aberats eta zabala, aisialdiko eskaintza oparoa (nagusiki haur eta gazteei zuzendutakoa) eta mintzapraktika egitasmoak, sentsibilizazio arloko egitasmoak eta entitateak euskalduntzekoak ahaztu gabe.
Euskaldunontzako arnasguneak
Euskaraz bizitzeko aukerak eta baldintzak sortzeko bidean euskaldunok behar dituzten arnasguneak antolatzea eta zaintzea lehentasunezko helburutzat jarri dute euskaldunon elkarteek beren hausnarketan. Izan ere, euskaldungoak euskaraz bizitzeko baldintzak izan ditzan, euskararentzat espazio eta funtzio hegemonikoak behar direla iritzi diote mugimenduko kideek eta euskaldunon elkarteek horiek sustatzen jarriko dute indarra hurrengo urteetan ere. Ez da funtzio berria mugimenduarentzat, baina sakondu egin nahi dute arlo horretan ere.
Erdaldunekin harremanean sakondu
Euskaldunon elkarteetatik euskaraz ez dakitenekin batera ekimen berriak martxan jartzeko beharra azpimarratu zuten. Lehenik eta behin euskaraz ez dakiten horrenbeste herritarren ahalegina aitortu da, beraien sostenguari esker euskalgintzako hainbat proiektuk bidea egin ahal izan dutelako eta beste hainbat modutara etengabeko ekarpena egiten diotelako euskarari. Elkarren premiatik eta aitortzatik abiatu nahi dira harreman honetan sakontzeko lan ildo berriak.
Jakintzan oinarritutako hizkuntza politika
Eragite lanari dagokionez, Topaguneko ordezkariek bereziki azpimarratu zuten hizkuntzaren biziberritzean jakintzak eta ezagutzak duten garrantzia. Hizkuntza politika ezagutza soziolinguistikoan oinarritu behar dela aldarrikatu dute eta ezagutza horien baitako adostasun soziala eta politikoa landu beharra azaldu zuten.
Izan ere, mugimenduaren barruan ezagutzaren transmisioan sakondu beharra izan da euskaldunon elkarteen hausnarketa prozesuak eman duen beste emaitzetako bat.
Euskaldunon Elkarteen mugimenduan mugarria
Urtebeteko prozesuaren ondoren heldu zen Bilbon egin zen bilkura. Mende laurdeneko lanaren balorazioa eta etorkizuneko lan-ildoak markatzeko balio izan duen prozesua mugarri izango da gizarte mugimendu honen ibilbidean.
2010eko urtarrilean Durangon jardunaldi batzuekin hasitakoak, fase ezberdinak bizi izan ditu urtean zehar. Euskara elkarteen inguruko 15 aditu eta arituk osatutako batzordeak osatu du oinarrizko ponentziaren proposamena eta hurrengo hilabeteetan Topaguneko bazkide diren euskara elkarte guztietara zabaldu da hausnarketa. Hilabeteotan 250 lagunetik gora aritu dira hausnarketan, larunbateko saiora heldu arte. Bilboko bilkura, 200 lagun batu zituena, prozesu honen baitan egindako bilkurarik jendetsuena izan da.
Gogoeta jaiarekin uztartzeko topaketa izan zen larubatekoa; etorkizunerako oinarri eta lan-ildoak adosteaz gain, mugimenduaren ospakizun handia egiteko baliatu zen eguna. Horretarako, Bilboko Kafe Antzokian bildu ziren Bilbora hurbildutakoak, eguerditik hasita, eta arratsalde partean luzatu zen jaian. Arratsaldeko saioan euskaldunon elkarteen bueltan ari diren hainbat kultur sortzaile bildu ziren. Bertan izan ziren, besteak beste, Udane Goikoetxea, Igone Amesti, Eneko Barberena, Jon Gurrutxaga, Manex Agirre, Gilkitxaro antzerki taldea, Asier Serrano, Patxi Zubizarreta, Kristina Mardaras, Mikel Urbeltz, Rafa Rueda eta Porrotx.
Kongresuko irudiak (cc-by-nc-sa Iratxe Irizar - Topagunea)