Bouchouit Alhassan atleta aljeriarrak lortu du garaipena Saharako maratoiaren hamaikagarren edizioan, errekor berria ezarriz: bi ordu, 40 minutu eta 21 segundoko denboran egin du 42 kilometro eta 195 metroko ibilbidea. Jon Salvador korrikalari eta ertzain erandioztarra, berriz, bigarren heldu da helmugara, bi ordu, 45 minutu eta 22 segundoko denbora eginez.
Iaz alderantziz gertatu zen: Salvadorrek kendu zion garaipena Alhassani. Aurten, ordea, El Aaiun-etik abiatuta, Erandiokoa 127 lasterkariren buruan jarri den arren, hamargarren kilometroan harrapatu du aljeriarrak. Ordutik aurrera gogor ekin dio Alhassanek, Salvadorrekiko aldea handituz. "30. kilometroan ia hiru minutu ateratzen zizkidan. Hori dela eta, bigarren postuari eutsi nahi izan diot, hirugarrenarekiko aldea nahikoa baitzen", adierazi dio EFE albiste agentziari erandioztarrak. Atzetik heldu da Smara-ra Sebbah Saddedine aljeriarra ia ordu laurdenera. Salvadorri "oso gogorra" egin zaio lasterketa, "bero (34ºC) eta haizeagatik gehienbat". Deshidratatuta heldu du helmugara. Argazkian, Jon Salvador Joseba Goikouria alkatearekin, joan den osteguneko prentsaurrekoan.