Kultur zuzendari nagusiak plazaratutako ebazpenaren bitartez, Getxoko Udalak Areetako Bizkaiko Zubiko plazan egiten ari den jarduerari onespena eman dio Bizkaiko Foru Aldundiaren Ondare Zerbitzuak. Horrenbestez, alderdi politiko batzuk, PSE-EEk kasuak kasu, lan horien legezkotasunari buruz planteatutako zalantzak "argitu ditu" Aldundiak, agintari getxoztarrek adierazitakoaren arabera. Hain zuzen ere, horixe izan zen ostiral goizean egindako ohiko udal batzarrean eztabaidatutako gaietako bat. Saioa erabat tramitezkoa izan zen eta eztabaida nagusiak mozioen atala izan zuen ardatz. Getxoko PPk Bizkaiko Zubiko plazako obrei buruzko mozioa aurkeztu zuen, alkatea oposizioko alderdiekin eta bertoko bizilagunek sortutako elkarteekin biltzeko eskatuz, plaza eta bere ingurunearen etorkizuna azaldu aldera. Popularren eskaerak PSE-EEren babesa izan zuen. Azken alderdi honek iragarri du, gainera, “Udalaren aurka auzibideetara jotzeko aukera" aztertzen ari direla, beraien hitzetan, "babestuta dagoen ingurunea izanik, legez kanpoko lanak egiten ari baitira”. Argazkian, lanean ari dira jada Bizkaiko Zubi inguruan.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!