Euskal Herrian Euskaraz (EHE) erakundeak Euskaraz Bizi Eguna 2011 antolatu du Gernika-Lumon, martxoaren 19rako; "euskaraz bizitzearen aldeko hautua indartzeko eguna", alegia. Jaia eta aldarrikapena uztartuz, "zapalkuntzari aurre egin eta Euskal Herri euskalduna eraikitzeko bidera hurbildu" nahi ditu herritarrak EHEk, gaur Donostian egindako prentsaurrekoan adierazi dutenez. Eragile euskaltzalearen ustez, "garai latzak bizi ditu" herri euskaldunak, eta euskararen aurkako erasoak "etengabeak" direla salatu dute. "Hizkuntza-ordezkapena oinarrian duen mendetako asimilazio prozesuaren ondorioz frantsesa eta gaztelera ditugu hizkuntza nagusi Euskal Herrian, euskara eta euskaldunok menpeko bihurtuz. Ezin gara euskaraz bizi, euskararen herrian bertan", kritikatu dute. Horrela, "euskaraz bizitzeko hautua egin" eta euskarari "lehentasuna" eman behar zaiola nabarmendu dute, "norbanakotik hasita". Halaber, "lehentasunezko estatusa" eskatu dute euskararentzat, Euskal Herri osoan. Argazkian, otsailaren 12an manifestazioa egin zuen EHEk Donostian, "Sasi guztien gainetik, euskaldun eta burujabe!" lelopean / © EHE.