![](http://farm6.static.flickr.com/5020/5474189562_0b8a72bfae_m.jpg)
EAJren "arduragabekeriak eta obskurantismoak" auzibideetara jotzera "behartu" dituztela adierazi du Luis Almansa Getxoko PSE-EEren bozeramaileak.
Gaur emandako prentsaurrekoan jakinarazi duenez, Areetako Bizkaiko Zubiko plazako obrak geldiarazteko eskatu diete epaileei. Almansaren arabera, "udal hauteskundeei begira, domina jartzeko premia larrian dago EAJren alkatea. Bide horretan, jaramonik ez dio egin inguru horretako babes mailari, eta bertako bizilagun eta oposizioko alderdien kontra jartzea erabaki du". Bizkaiko Foru Aldundiaren Ondare Zerbitzuak Bizkaiko Zubiko plazan egiten ari den jarduerari onespena eman ziola adierazi zuen Getxoko Gobernu Taldeak,
joan den ostiraleko udal batzarrean. Baina, azken hori ere zalantzan jarri du PSE-EEk. Almansaren hitzetan, "EAJk ez du frogatu Aldundiari beharrezko txostena aurkeztu dionik, babestutako gune horretan obrak egiteko baimena eskuratzeko". Bestalde, "gainontzeko bizilagunak bezala", lanekin "egun batetik bestera" topo egin zutela kritikatu du oposiziokoak. Argazkian, lanean ari dira jada Bizkaiko Zubi inguruan.