Bigarren.- Europaren aldetik Tunez, Egipto, Libia eta beste arabiar herrialdeetan izan diren gertakarien aurrean eman diren erantzun epel eta berantiarrak salatzen ditugu. Zentzu honetan, deitoratu egiten dugu Europaren aldetik kanpoko politikaren esparruan 27 kideen arteko ahobatekotasuna bilatzeak kanpo zerbitzu bateratua eraikitzeko bideak oztopatzen dituela eta, beste behin ere, agerian geratzen da nazioarteko egoeran europar politikak duen garrantzi eskasa. Gaitzetsi egiten ditugu Europar Batasunak Ipar Afrikako eta Ekialde Hurbileko satrapen esku gauzatu diren erasoen eta giza eskubideen urratzeen aurrean erakutsi dituen zalantzak eta irmotasunik eza. Kanpo politikak ez lituzke inoiz interes geoestrategiko edo ekonomikoak lehenetsi beharko, pertsona eta herrien interesen gainetik .
Hirugarren.- Europar Batasunari eskatzen diogu albait arinen eta erregio honetako herrialdeetan Europar Kanpo Ekintza Zerbitzua heda dezala, garatzen ari diren gertakariei jarraipena egitea eta azterketa zuzena egitea ahalbidetuko duen ordezkaritza tresna bateratua izan dezagun, eta aldi berean demokratizazio prozesuen aurrean erantzun eta babes mekanismoak martxan jartzerik izan dezagun.
Laugarren.- Mediterraneoko Batasuna erakundea biziberritzea proposatzen dugu, erakunde hau 1995eko Bartzelona Prozesuan errotuta sortu zen eta Mediterraneo inguruko herrialdeek osatua da. Hego aldearen garapen ekonomiko eta gizatiarraren eta Mare Nostrum itsasoak bustitzen dituen herrialdeak hurbiltzearen aldeko apustua egiten du, oraingo desorekak murrizteko egitasmo bateratuak antolatzearen bidez. Zentzu honetan, premiazko jotzen dugu estrategia bateratua egitea ipar Afrikako herrialdeetan, ehun ekonomiko eta soziala berreskuratzeko eta bultzatzeko helburuarekin, gazteen prestakuntza eta gizarteratzeko hezkuntza garapena bultzatzeko eta erregio osoan demokrazia eta egonkortasuna sendotzeko eta errotzeko.
Bosgarren.- Ondo baloratzen ditugu Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak aho batez Muammar el Gaddafiren erregimenaren kontra hartutako neurri eta zigorrak, giza eskubideak etengabe urratzen direlako; era berean ondo baloratzen dugu Nazioarteko Zigor Epaimahaiaren eskuetan jartzea, eta nazioarteko erkidegoari eta giza eskubideak babesteko nazioarteko sistemako erakundeei eskatzen diegu Libiako gertakarien garapenaren aurrean adi egon daitezela.
Seigarren.- Herrialde hauetan demokratizaziorako irekiera testuinguru honetan, nazioarteko erkidegoak Mendebaldeko Sahara aldeko gatazka konpontzen lagundu behar duela ulertzen dugu, nazioarteko legeriaren arabera eta Nazio Batuek emandako ebazpenei jarraiki.