Getxoko Udalak martxoaren 21etik apirilaren 8ra arte emango du aukera "Wanted" ideien lehiaketaren hirugarren ekitaldirako lanak aurkeztu ahal izateko. Gazteria Zerbitzuaren bitartez antolatzen du sariketa tokiko erakundeak. Sarietan 15.000 euro banatuko dira aurten, udal iturriek jakinarazi dutenez. Lehiaketara bildu ahal izango dira, ideia edo proiekturen bat izanik, lan-taldea osatzeko beste bi lagun dituzten gazteak; neska-mutilak 18 eta 30 urte artekoak badira. Getxoko bizitza soziala, ekonomia edota kultura aberasten laguntzen dituzten proposamenak aurkeztu beharko dituzte. Deialdiaren oinarriak eta proiektuaren txantiloia herritarren arretarako bulegoetan daude eskuragarri, baita Gazte Bulegoan eta www.getxo.net webgunean ere. Argazkian, Guaitorock izeneko musika jaialdiko sustatzaileek irabazi zuten iaz lehiaketa / © Getxoko Udala.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!