Gure sukaldeetan erabilitako olioak arazo larriak eragiten dizkio ingurumenari. Hori dela eta, aipatu produktua harraskatik bota behar ez dela kontzientziatu nahi ditu herritarrak Uribe Kostako Mankomunitateak. Gauzak horrela, biztanleen eskura jarri ditu ontzi txiki berezi batzuk. Besteak beste, Berangoko udaletxean daude eskuragarri. Izan ere, gogoratu, duela bi urtetik etxeko olioa biltzeko 21 edukiontzi dituela Mankomunitateak. "Olioa ibaietaraino heltzen bada, handitu egiten da ibaiaren zama organiko kutsagarria. Izan ere, isurkin horrek, ur‑azaleran geruzak eratuz, oxigenoa igarotzea eragozten du, eta horrekin, eten egiten da ur‑bizitzaren garapena. Arazoa saihesteko, koipeak kentzeko tratamendu garesti‑garestiak erabiltzen dira hondakin‑uren araztegietan", azaldu dute erakundetik. Baina, gogoratu dutenez, badira helburu bera lortzeko askoz ere modu eraginkorragoak eta ingurumenari begirune handiagoa diotenak: inoiz ez bota erabilitako oliorik harraskatik; hori bezain erraza da. Argazkian, olioa biltzeko edukiontzietako bat / © Sopelana.net.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!