Hondakinen irtenbideaz arituko dira larunbatean Plentzian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko mar. 2a, 19:31

Larunbat honetan, martxoak 5, "Hondakinek badute irtenbidea" gaia izango dute hizpide, Plentziako Goñi Portal kultur etxean. Ordua eguerdiko hamabietan jarri dute. Kandelaria Kultur Elkarte plentziarrak eta Gipuzkoa Zero Zabor taldeak antolatutako solasaldian, aipatu azken kolektibo horretako Ainhoa Arrozpidek eta Mikel Ikatzategik hartuko dute hitza. Antolatzaileek azaldu dutenez, "hondakinen kudeaketa gero eta konplexuagoa da, gero eta material desberdin gehiago erabiltzen dugulako eta, batez ere, gero eta zabor gehiago sortzen dugulako. Baliabideak mugatuak dira. Mundua husten ari gara zaborrak gainezka egiten digun bitartean". Argazkian, Plentziako Gaminiz kalean "dekoratutako" edukiontziak / © Kandelaria Kultur Elkartea.

Ohartarazi dutenez, "orain arteko bidetik jarraituz gero, oso urte gutxitan egingo dute gainezka Bizkaiko zabortegiek eta erabaki egokiak hartu ezean, Euskal Herriko txoko ezberdinetan eraiki nahi duten errauste plantak 25-30 urtetarako lotuko gaitu kudeaketa eredu xahutzaile eta kutsakor honetara".

Irakurri hitzez hitz Kandelaria Kultur Elkarteak eta Gipuzkoa Zero Zabor taldeak plazaratutako oharra:

Hondakinen kudeaketa gero eta konplexuagoa da, gero eta material desberdin gehiago erabiltzen dugulako eta, batez ere, gero eta zabor gehiago sortzen dugulako. Baliabideak mugatuak dira. Mundua husten ari gara zaborrak gainezka egiten digun bitartean.

Orain arteko bidetik jarraituz gero, oso urte gutxitan egingo dute gainezka Bizkaiko zabortegiek eta erabaki egokiak hartu ezean, Euskal Herriko txoko ezberdinetan eraiki nahi duten errauste plantak 25-30 urtetarako lotuko gaitu kudeaketa eredu xahutzaile eta kutsakor honetara.

Zer zentzu dauka lehengaiak (papera, kartoia, beira, plastikoa eta janari kondarrak?) erretzeak?

Guztiok diogu birziklatzen dugula, baina orokorrean sortzen ditugun hiri hondakinen % 23 baino ez dugu gaika biltzen, %90 birziklagarria denean.

Arazoa larriagotu baino lehen, birziklatze-tasa handitu eta, batez ere, herritarrentzat erosotasuna eta osasuna bermatuko dituen hondakinen kudeaketa aitzindaria martxan jarri behar dugu Bizkaia osoan, jada Gipuzkoako Usurbil, Hernani eta Oiartzunen martxan dagoen berbera: atez ateko bilketa.

Gaur egungo inertziari buelta eman diote herri hauetan. % 80tik gorako gaikako biltze portzentajeak lortuz, herritarren osasuna eta etorkizuna bermatzeko.

Hondakin atal guztiak nahasian jasotzeak ez dauka inongo zentzurik; ez ingurugiroaren ikuspegitik, ez ekonomiaren ikuspuntutik, ezta baliabide publikoen kudeaketaren eraginkortasunetik begiratuta ere.

Konponbidearen arloan, Zero Zabor filosofia zer den azalduko dugu eta Atez Ate-ari atal berezi bat eskainiko diogu.

Kontsumitzen duguna beharrezkoa dugun, botatzen duguna ondo botatzen dugun, ekoizten dena ondo ekoizten den, eta abar. Zertarako egin gauzak erdipurdi, gauzak ondo egitea dagoenean.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun