Modu honetan, aurtengo urtetik gure askapen nazional eta sozialean zenbait lan ildoren bitartez, esperientzia interesgarriak ezagutu, elkarbanatu eta Euskal Herrira ekarri nahi genituzke. Honako hauek dira lehen aipaturiko lan ildo espezifikoak:
Alternatiba sozio produktiboak
Gobernu aurrerakoiak bultzaturik edo herri mugimenduek sorturiko bestelako produkzio ereduak esperientzia guztiz aberasgarriak dira ezbairik gabe. Aberastasun iturri den esplotazioa edo konpetentzia bezalako irizpideak ordezkatzen baitira elkartasunean oinarrituriko produkzio autogestionatu eta herritarren mesedetan sorturiko alternatiben bitartez. Kapitalaren ordez langileen interesak babesten dituzten esperientziatan, erresistentzia adibide konkretuak ezagutu nahi dira, hauetatik ikasiz, gure errealitate sozio-produktiboan eragin eta gure ibilbide politiko ideologiko sozialistan ekarpena egin asmoz.
Demokrazia parte hartzailea-herri antolakuntza
Edozein askapen prozesuren eginkizun eta eskubide da, erabaki politikoetan zuzenean parte hartzea. Guztion ongi izateari dagozkien erabaki garrantzitsuetan herriak eztabaidatu, eragin eta legeztatu behar luke, maila lokalean zein nazionalean. Latinoamerikako ziklo berri honetan, esperientzia berri eta interesgarriak ari dira indartzen, hainbeste urtez burgesiak bereganatua izan duen botere politikoa berreskuratze bidean. Behetik gora eginiko planteamenduok, eta gobernu iraultzaileek herri mugimenduekin batera eginiko apustuok, ekarpen garrantzitsuak egin ditzakete botere herrikoia nola gauzatzen den ikas dezagun.
Memoria historikoa
Euskal herria inflexio egoera batean aurkitzen bada bere askapen prozesuan, borroka ibilbide luze baten ondorioz lorturiko lorpenengatik da . Jarraipen historiko honen parte sentitzea beraz, landu beharreko gaia dela deritzogu. Izan diren militante generazioen borrokaz ikastea beharrezkoa zaigu, euren ibilbideak ekarri gaituelako, besteak beste, egungo egoerara. Lan ildo honetan beraz, gainerako herriekin landu nahi dira memoria historikoaren inguruko esperientzia eta ekarpenak.
Askapena
www.askapena.org
Informazio gehiago: brigadak[abildua]askapena.org