Metro Bilbao garraio enpresak zerbitzu berezia jarriko du martxoaren 5eko eta 12ko gauetan, inauteriak direla eta. Tren kopurua handitzea ospakizun horren unerik jendetsuenean izango da, larunbat gauean eta igande goizaldean, alegia, konpainiako iturriek jakinarazi dutenez. Horrela, martxoaren 5ean, ohiko zerbitzua indartuko da 23:00etatik goizeko seietara, eta 20 minutuan behin ibiliko dira konboiak Etxebarri-Bidezabal eta Etxebarri-Plentzia tarteetan, bi noranzkoetan. Era berean, Ariz geltoki ireki berrian 20 minutuko maiztasunez ibiliko dira trenak Santurtzirantz. Beraz, Arizetik lehenengo lineara joan nahi dutenek Etxebarri eta San Inazio arteko edozein geltokitan trenez aldatu beharko dute. Halaber, martxoaren 12an, gauez, 15 minutukoa izango da Etxebarri eta Bidezabal arteko maiztasuna; Etxebarri-Plentzian eta Ariz-Santurtzin, berriz, 30 minutukoa. Aurreko larunbatean bezala, trena Arizen hartu eta lehenengo lineara joan nahi dutenek Etxebarri eta San Inazio arteko edozein geltokitan trenez aldatu beharko dute. Argazkian, metro geltoki bat bidaiariz gainezka.