Xabier Gallaga euskal preso politikoak urteak bete eta hilabete batera gaur Algortan ospatzekoa den urtebetetze jaia debeka dezaten eskatu du Dignidad y Justicia (DyJ) elkarte ultraeskuindarrak. Efe albiste-agentzia espainolak jakinarazi duenez, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Guardia Epaitegian egin dute izapidea eta Fernando Grande-Marlaska epaileak erabakiko du aipatu eskaera aintzat hartzen duen. 1996an Miguel Angel Ayllon Espainiako Armadaren sarjentua hiltzeagatik Gallaga 343 urtez espetxean egotera zigortu zutela gogoratu du Daniel Portero abokatuak aurkeztutako debeku eskaeran. Bere ustean, "Algortako herriko tabernan" (sic) egitekoa den urtebetze jaian Gallaga "omenduko" dute. Era berean, deialdia "www.etengabe.blogsome.com" (sic) webgunean agertu denez, jaia "Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren kontura" doala dio DyJk. Argazkian, urteko azken ostiraleko Algortako kontzentrazioaren irudietako bat.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!