Prentsaurrekoan irakurritako testua
Lehenik eta behin, elkartasun eta animorik handienak egunotan atxilotuta dauden euskal herritarrei eta oraindik preso dituzten kide guztioi.
Euskal Herriak, loratu gabeko bideak ereiteari ekin dio azken aldi honetan. Ezbairik gabe, bideok loratu eta fruitu gozo zein emankorrak jasotzeko asmoz. Lan honen motore nekaezin etengabekoa izan da, eta bada gaur ere, gazteria; loratzearen bizigaia. Ernalkuntza lorahautsa.
Gu, gaurkoan hemen bildu garenok eta beste, Euskal Herriko txoko ezberdinetako gazteak gara. Lagun talde, ikasketa edo lanpostu ezberdinak ditugunok. Izen eta izaera ugarikoak. Hizkera eta jokamolde anitzekoak. Gauza aunitz bezain ezberdinak batzen gaituztenak.
Halere, halabeharrez, oraingo honetan afera bakarra da batzera eraman gaituena: Azken lau urteen bueltan, atxilotuak, torturatuak edota espetxeratuak zein prozesatuak izan gara. Hau ez bakarrik, gutako beste asko, etorkizun hurbileko laino beltzaren zain bizi gara, kolpez ebatsitako gure izenak zerrenda batzuk osatu dituztelako.
2007ko urtarrilean Auzitegi Gorenak Jarrai-Haika-Segi gazte antolakundeak terrorista izendatu zituenez geroztik 214 gazte izan dira atxilotuak eta 132 espetxeratuak. 2007, 2008 eta 2009. urtearen lehen erdian eskualdez eskualde burutu zituzten sarekadetan gazteak Segiko kide izatea leporatzeaz gain kale borroka ekintzekin lotuz. Donostia, Lea-Artibai, Gasteiz, Oarsoaldea, Iruñerria, Uribe Kosta eta Hernani dira aipatu operazioetan jo dituzten tokietako batzuk.
2009ko azaroan azken urteetako polizia operazio handiena burutu zuten ustez Segiko zuzendaritzaren aurka. 34 gazte atxilotu zituzten baina zerrenda 40tik gorakoa zen. 2010aren azken hondarrean beste bi polizia operazio burutu dituzte ustez Segiren zuzendaritza berrosatzen saiatzeagatik. Guztira bi operatibo hauetan 20 izan dira atxilotutako gazteak eta bakarra utzi dute aske. Operazio guzti hauek gazteon aurkako intoxikazio mediatiko izugarriez lagunduta joan dira. 2009az geroztik 100 gazte izan dira atxilotuak, 90 espetxeratuak eta hauetatik 64k gutxienez tortura edo tratu txarrak salatu dituzte epailearen aurrean.
Gu izan gara, gazte izanagatik eta gure herria maitatzeagatik, jo puntua. Gu izan gara urteetako erresistentzia garaitezinaren kontrako amorruzko kolpearen helmuga. Bizi arazi diguten egoerak arrazoia politiko argiak dituela: Euskal Herriaren aldeko lana geldiarazi eta errotik moztea alegia. PSOEk, PPk eta UPNk diseinatutako estrategia ukatzaile eta errepresio hutsalezkoan kateatua.
Ez dugu ordea zer ezkutatzerik. Zertan lotsaturik. Gure lanaz zein, izanaz edo izateaz harro gaude goitik behera. Eta ez gaude gainera, beste antzeko egoerarik onartzeko prest. “Gazte bat gehio ez!” da aterpetzen gaituen oihua. Eta gure uste, iritzi, egitasmo eta jarduera bilduko duen Plataforma osotzea izan da gure oraingo ametsa. Ez baikara isolatutako gazte zorigaiztokoak.
Bide hau ordea ez dugu bakarrik egin nahi. Euskal jendartearen babesa ezin bestekoa da eta iratzartzerako deia luzatzen dugu. Egoera hauekin amaituko duen herri harresia eraikitze bidean, gurea, pauso txiki bat izanen da; Baina beharrezkoa.
Honengatik guztiagatik, abiaraziko dugun babes-harreman dinamikaren berri ematen dugu gaurkoan. Jendarte zabaleko eragile soziopolitiko, gazte erakunde, sindikatu, herri mugimendu, norbanako, pentsalari, instituzio… eta abarrekin elkartzeko asmoa adierazi nahi baitugu.