“Erromo sorgindua” lelopean, larunbat honetarako, inauteriak ospatzeko ekitaldiak antolatu dituzte Romo eta Pinuetako Jai Batzordeak, Itzubaltzeta gaztetxeak, Zasi Eskola dantza taldeak eta Ziztu Bizian eskaut taldeak. Adin guztientzako jarduerak egongo dira: umeentako jolasak eta tailerrak, musika emanaldiak, sariketak... Gauzak horrela, 12:00etatik 14:30era izango dira txikientzako rokodromoa, puzgarriak eta tailerrak Santa Eugenia plazan. Tartean, umeen mozorro lehiaketa egingo dute 13:30ean. Ordu bete lehenagotik ibiliko da fanfarrea kalez kale. Arratsaldean, berriz, Pinueta aldean izango dira ospakizunak. 18:00etan, txokolatada egingo ditu Cervantes plazan eta, ordu erdi beranduago, bertatik abiatuko dira kalejiran. Santa Eugenia plazara bueltatuta, 21:00etan hasiko da erromeria, Trikizio taldeak girotuta. Gauerako, mozorro lehiaketa antolatu dute tabernek. Argazkian, orain bi urte dozena bat indio apatxe identifikatu zituen Ertzaintzak, Itzubaltzetako Inauterietan.