Mankomunitateak kirol anitzez ospatuko du asteburuan Emakumeen Eguna

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko mar. 4a, 18:28

Emakumeen Neguko Surf Txapelketarekin batera, beste hainbat proba jokatuko dira asteburuan, Uribe Kostako Mankomunitateak eta tokian tokiko kirol taldeek martxoaren 8ko Emakumearen Nazioarteko Egunaren inguruan antolatutako kirol ekintzen laugarren edizioaren barruan. Horrela, mendi, bizikleta eta mountain bike martxak egingo dituzte igandean, emakume zein gizonei zabalik. Guztiak bukatuko dira Sopelako Arriatera hondartzan, arratsaldeko ordu batak aldera, surf txapelketaren amaierarekin batera. Esku hartzen duten pertsona guztiek izango dute bertan jai batez gozatzeko aukera, Olaia Aretxabaleta abeslariarekin batera. Gainera eskubaloi, tai-ji eta sokatira erakustaldiak egongo dira. Argazkian, Kirol Anitzeko Lehiaketaren lehenengo edizioan saritutako hainbat neska, artxiboko irudian.

Mendi martxari dagokionez, irteera Gorlizen egingo dute, Eliz plazan, eta helmuga Sopelako Arriatera hondartzan. Urduliz eta Sopelatik ere irten daiteke gero, Gorliztik abiatutakoekin batuz, Barrikako Goierri auzoan, 12:00ak aldera. Denentzako helmuga izango da hareatza sopeloztarra. Bestalde, Berangon egingo dute, Moreaga parkean, bizikleta ibilbidearen hasiera. Sopela eta Urduliztik (Udaletxeko plazan da hornidura) igaroko dira eta helmuga, aurretik aipatu bezala, Arriateran izango dute. Azkenik, mountain bike lasterketa Arrietaratik bertatik abiatuko da eta Barrikako horniketa gunean amaituko da.

Aipatu proba guztiak goizeko hamarretan hasiko dira. Izen ematea dohainik izango da, mistoa (emakume zein gizonentzat) eta adin guztietarako. Martxa bakoitza hasten den tokian eman ahal izango da izena.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun