“Eskubideak kalean: lan prekarietatea eta antolakuntza sozial erantzunkidea” lelopean ”herritarrei beren eskubideak hurbildu nahi zaizkie, genero ikuspegitik, horiek erabili eta defenda ditzaten, gaur egun dauden diskriminazioak alde batera uzteko. Gizarte erantzunkidea lortzeko urratsak ematea da gakoa, bai emakumeok, bai gizonok, alor publikoaz eta pribatuaz ardura gaitezen; gizonok etxean eta zaintzan parte hartzeko beharra azpimarratuz. Horretarako gizonen erantzunkidetasuna ez ezik, erakunde publikoena, enpresena eta gizartearena ere beharrezkoa da, familiengan hasiz”, gaineratu zuen Landak, joan den osteguneko prentsaurrekoan.
Aurten ere udalerriko emakumeen elkarteekin elkarlanean antolatu dute egitaraua. Horrenbestez, hurrengo ekitaldia ostiralean izango da, Bilboko Arte Ederretako Museora bisita historiko-literario batekin, “Zugan gehiago dago. Emakumearen irudiak Erdi Aroan (XIII-XV mendeak)" erakusketa ikusteko, Josune Muñoz Jabekuntza Eskolako irakaslearen gidaritzarekin. Bisitarako izen-ematea Berdintasun zerbitzuan egin behar da. Gauean, Zinema Paradiso zikloaren barruan, Lee Chang Dong zuzendariaren "Poetry" pelikula proiektatuko da jatorrizko bertsioan, Areetako Andres Isasi Musika Eskolan.
Hurrengo egunean, larunbatean, “Como como coco me descoco poco” antzezpenaren estreinaldia izango da Quemadura Teatro taldearen eskutik, musika eskolan bertan. Martxoaren 16an, berriz, “Lehenengo emakume getxotarrak: XIV-XVII mendeak” liburuaren aurkezpena izango da, “Emakumeen ekarpena Getxoko historiari” I. Bekaren irabazlea. Hizlaria bekaren irabazlea, historialaria eta ikerketaren egilea izango da. Ekitaldia Emakumeentzako Jabekuntza Eskolan izango da, Martikoena kaleko 16 zenbakian, Algortan. Haurtzaindegi zerbitzua ere egongo da, aurretik eskatuz gero.
Azkenik, hilaren 17an, “Mirando la crisis desde la cocina: precariedad, trabajos y desigualdad” lelopeko hitzaldi-eztabaida eskainiko du Amaia Orozco Madrilgo Unibertsitate Complutenseko Ekonomia Aplikatuko irakaslea eta argitalpen ugariren egileak. Egun horretan ere haurtzaindegi zerbitzua izango da.
Jabekuntza eskola
Martxoaren 8ko programaren barruan, aurten Getxoko Jabekuntzako Eskolaren “Mujer, Arte y Accion Social” ikastaroko ikasleek parte hartuko dute bi ekintzarekin: bata, Portu Zaharreko areazko hormen argazkien erakusketa izango da, inguru horretako interes naturala eta estetikoa bultzatzeko. Mostra Algortako kultur etxean, Villamonten, egongo da ikusgai bihartik hilaren 18ra. Bestalde, ekintza artistiko bat egingo dute hilaren 11n Portu Zaharrean. Zirgariei omenalditxoa eskaintzea izango da, egiten zuten lana oso gutxi baloratzen zelako. Sinbolotzat hartu nahi dute, hain zuzen ere, aurtengo martxoaren 8a emakumeen lan baldintza eskasen kontra izango delako. Gainera, beraiek egindako oroimenezko plaka sinbolikoa jarriko dute.
Keltse Eiguren Berdintasuneko Zerbitzuko zinegotziak amaitu zuen esaten, joan den astean, martxoaren 8an Bozeramaleen Batzordeak adostuko duen agiri instituzionala kaleratuko dela eta herritar guztiak gonbidatu ditu jardueretan parte hartzera, “ziur gaudelako horiek guztiek lagunduko dutela gizarte bidezkoa eta zuzena lortzera, egungo gobernu taldearen helburu nagusienetako bat izanik”. Bestalde, aurtengo egitarauarekin batera, ekimenari buruzko informazioa emateko 1.500 diptiko banatuko dira espainolez eta euskaraz. Horretan zalantzak argitzeko telefono zenbaki batzuk eta web guneen helbideak agertzen dira. Foiletoak eta egitarauak udal egoitzetan, elkarteetan, ostalaritzako establezimenduetan... egongo dira eskuragai.