ELA,
LAB eta
ESK sindikatuek
mobilizazioak iragarri dituzte Osakidetzan martxoaren 22, 23 eta 24rako. Aipatu erakundean gehiengoa duten sindikatuek azaldu dutenez, Eusko Jaurlaritzako agintariek "murrizketa politikarekin jarraitzen dute eta ez diete jaramonik egiten sindikatuek mahai gainean jarritako aldarrikapenei". Beraz, protesta egitea erabaki dute. Ez dute zehaztu mobilizazioak zein eratakoak izango diren, baina ospitaleez gain, lehen mailako arretako zentroei eragingo die. Hiru sindikatuen arabera, "Osasun Sailak ezarri berri dituen murrizketek osasun arreta publikoa geldiaraz dezakete". ELAk, LABek eta ESK-k adierazi dute egoerak "gainezka" egin dezakeela itxaron zerrendetan, eta bezeroek egoera hori pairatzen dutela. Sindikatuek kritikatu dute Osasun Saila proiektu "ameslarietan murgilduta" dagoela eta horrek sistema akitzen duten arazoekin zerikusi gutxi duela. Argazkian, Etengabeko Atentzio Guneetako langileek hilaren 5etik 11ra, martxoaren 19tik 25era eta apirilaren 2tik 8ra jarrita dauzkate
lanuzteak.