Lied jatorri alemaneko abesti erromantiko laburra izango da protagonista bihar Getxoko 26. Kontzertu Klasikoetan. Arratsaldeko 19:30etik aurrera, Rodolfo Albero tenorea eta Manuel Ariza piano-jotzailea jardungo dira Areetako Andres Isasi Musika Eskolan. Bikoteak Robert Schumann-en omenezko errezitaldia eskainiko du eta musikagile alemanaren eta beste egile batzuen lanak interpretatuko ditu. Getxoko Kultur Etxetik adierazi dutenez, Rodolfo Albero tenore aragoiarra Bartzelonan egin zuen debuta operaren arloan, Mozarten "Cosi Fan Tutte" operan Fernandorena eginez, eta birak egin ditu Rossiniren, Mozarten eta Donizettiren opera batzuekin. Oratorioari dagokionez, aipatzekoak dira egin berri dituen emanaldiak: bata, Rossiniren "Stabat Mater"-ean, Zaragozako Eliz Musikako Jaialdiaren barnean; eta, bestea, El Escorialeko Erret Monasterioko Basilikan Unibertsitate Complutenseko Udako Ikastaroen inaugurazioan. Argazkian, Areetako Andres Isasi musika eskolan izango da emanaldia / cc-by-nc-sa Agirregabiria.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!