"Waiting for the sun" birari ekingo dio bihar Moby Dick musikari algortarrak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko mar. 8a, 23:03

"Waiting for the sun" (Eguzkiaren zain) lelopean, kontzertu jira berria abiatuko du bihar Bilbon Eneko Burzako bakarlari algortarrak edo, ezagunagoa denez, Moby Dick-ek. Bihar, iluntzeko 9etan, Bilboko Zazpi Kaleetako Kalebarriko La Marina tabernan hasiko duen bira ekainaren 11ra arte luzatuko da. Dena den, eskualdeko zaleek ez dute urrunera joan beharko Moby Dick entzutera. Izan ere, gutxienez, hirutan joko du Uribe Kostan Eneko Burzakok. Esate baterako, bigarren kontzertua Nun bere talde ohiaren etxean joko du, Gorlizko Zehatz kultur elkartean. Larunbat honetan izango da, 21:00etan. Bestalde, apirilaren 14an, Getxoko Txorimalo gaztetxean arituko da, zentro sozialaren bosgarren urteurrenean. Azkenik, apirilaren 30ean, Johnny Cashen omenezko kontzertua eskainiko du Algortako UK tabernan. Argazkian, Moby Dick / cc-by-nc-sa Moby Dick Love.

Bestalde, Bilbon ez ezik Euskal Herriko hainbat herri zeharkatuko ditu Moby Dickek bira berri honetan: Irun, Donostia eta Bergara ditu oraingoz baieztatuta. Azkenik, nazioartera ere joango da bakarlari algortarra: Aragoi, Herrialde Katalanak eta Gaztela izango ditu jomuga. Azken nazio horretan, bitxikeria aipatzearren, Madrilgo Moby Dick klubean abestuko du, Ainara LeGardon musikaria "We Once Wished" diskoaren aurkezpenearen lagunduz.

Biraren egitaraua

• 2011/III/09 - BILBO, EH. Azken Portua (La Marina) tabernan (Kalebarria 2, Bilboko Zazpi Kaleetan), 21:00etan.
• 2011/III/12 - GORLIZ, EH. Zehatz kultur elkartean, 21:00etan.
• 2011/III/22 - MADRIL, GAZTELA. Moby Dick klubean, 21:00etan.
• 2011/III/27 - IRUN, EH. Kabigorri ateneoan, 21:00etan.
• 2011/IV/02 - BARTZELONA, HERRI KATALANAK. Euskaletxean (Carrer Arc de Sant Vicenç), 21:00etan.
• 2011/IV/14 - GETXO, EH. Txorimalo gaztetxearen urteurrenean, 20:00etan.
• 2011/IV/30 - ALGORTA, EH. "MobyDick: TRIBUTE TO JOHNNY CASH", UK Tabernan, 19:30ean.
• 2011/V/12 - DONOSTIA, Gazteszena aretoan, 22:00etan, MAIKA MAKOVSKI eta AINARA LeGARDONekin.
• 2011/V/13 - ZARAGOZA, ARAGOI. "La Ley Seca" tabernan, 21:00etan.
• 2011/V/20 - BERGARA, EH. Bergarako gaztetxean, 21:00etan.
• 2011/V/27 - DONOSTIA, EH. Be Bop aretoan, 21:00etan.
• 2011/VI/10 - ONDARRU, EH. Kafe Antzokian, 22:00etan.
• 2011/VI/11 - ZARAUTZ, EH. Modelo Zinema aretoan, 20:00etan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun