Bilboko Gizarte Gaietarako bigarren epaitegiak Francisco Javier de Castro langile leioaztarraren alargunari arrazoia eman dio, Euskadiko CCOO sindikatuaren Industria Federazioak ohar bidez jakinarazi duenez. Horrela, Altos Hornos de Vizcaya-ren oinordeko AHV Ensidesa Capital enpresak 123.000 euro ordaindu beharko dizkie beharginaren alargun Natividad Vaquerizari eta bion seme-alabei, "lantegian segurtasun neurririk ez zelako". De Castro 2007ko urrian zendu zen, medikuek mesotelioma bat antzeman ziotenetik sei hilabetera. Nahiz eta gaixotasun profesionalaren arriskua ezagutu eta arautua egon, AHVk "ez zien langileei arriskuaren berririk eman, ezta giroaren neurketarik egin ere; prebentzio neurririk ez zuen hartu, ezta osasun azterketarik egin ere", CCOOk azpimarratu duenez. Argazkian, LAB sindikatuak Mutualiaren aurka 2010eko azaroan egindako mobilizazioaren irudi bat.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!