Koskak eta Arrosak irrati lizentzien dekretuari alegazioak jarri dizkiote

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko mar. 9a, 19:26

Koska Uribe Kostako irrati libreak eta Euskal Herriko Arrosa Irrati Sareko beste 18 irratiek Lakuak prestatu duen ikus-entzunezko komunikazioari buruzko Dekretu proiektuari helegiteak aurkeztu dizkiote. Izan ere, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako irrati emisioak kudeatzea eta banatzea xede dituen Kultura Sailaren proiektuak "kezka eta ezinegona eragin du" Arrosa osatzen duten irrati libre, komunitario eta euskaldunen artean. Dekretu horren bidez 34 irrati lizentzia banatuko dira, Espainian 2010ean onartutako Ikus-entzunezko Komunikazio Orokorreko legediaren "aplikazio autonomikoa" eginez. Koskaren eta Arrosako beste irratien iritziz, "dekretua irakurriz argi ikusten da euskara alboratzen dela". Era berean, "irrati komunitarioen figura onartzen da, baina normaltasunez lan eta emititzeko ez zaizkio biderik irekitzen. Banatu behar diren 34 lizentzietatik bakar bat ere ez da irrati komunitarioentzat gorde", salatu dutenez. Gainera, lizentzien banaketan "euskalgintza, unibertsitateko kazetaritza fakultate edo irrati komunitarioetan eskarmentu frogatua duten" pertsonen falta sumatu dute. Azkenik, dekretuak ekar ditzakeen isun eta zigorrez beldur dira. Argazkian, Koska irratiko hainbat kide / cc-by-sa Koska irratia.

Arrosa Irrati Sareko kide den Iñaki Ziarsolori egindako elkarrizketa (cc-publicdomain Hala Bedi irratia)


Click to play


Arrosa Irrati Sareko prentsa oharra

Arrosa Irrati Sarea: EAE-ko ikus-entzunezko komunikazioari buruzko Dekretu proiektuaz

Arrosa Irrati Sarea Euskal Herri osoko hogei irrati ingururen elkarlan proiektua da. Gehienak irrati txiki xamarrak eta maila lokalean edo ertainean (herria, eskualdea edota herrialdea) aritzen direnak. Iparraldean gauden Euskal Irratiek gure izaera komunitarioa onartua dugu eta lizentzia bidez lege barruan lan egiten dugu. Hegoaldean ordea gauzak bestelakoak dira, Arrosan parte hartzen dugun irratien gehiengo zabalak ez dugu FM uhinetan emititzeko baimenik, eta legeak orain arte ez du gure izaera onartu.

Euskal Autonomia Erkidegoan, Kultura Sailak irrati lizentzien inguruko Dekretu proiektua prestatu du. Dekretu horren bidez EAE-an 34 irrati lizentzia banatu nahi dira. Dekretu hau Espainian 2010ean onartutako Ikus-entzunezko Komunikazio Orokorreko legediaren "aplikazio autonomikoa" litzateke. Dekretu proiektu honek kezka eta ezinegona eragin du Arrosa osatzen dugun irratien artean.

Lehenik aipatzea, modu zuzenean eragingo digun Dekretu proiektu hau prestatu bitartean Eusko Jaurlaritzako inor ez dela urteetan lan egiten ari garen irrati komunitario (edo libreekin) eta euskaldunekin kontaktuan jarri gure iritzia entzun edo gure ekarpenak jasotzeko.

Dekretua irakurriz argi ikusten da euskara alboratzen dela eta ez zaiola dagokion esparrua uzten. Euskarazko irratientzat gordetzen diren lizentziak gutxi dira eta euskarazko irrati proiekturik ez bada aurkezten, erdal irratiek hartzen dituzte gordetako lizentzia horiek. Gaur egun dugun dialaren okupazioa ikusirik, euskarazko irratien aldeko banaketa konpentsatua egin beharko litzateke, hau da, gaur daukagun dial ia erabat erdaldunean euskarazko irratiei bidea ireki. Bestetik, euskara ez da betebehartzat hartzen eta erdara hutsean emitituko duten irratiei ez zaie gutxieneko euskarazko portzentajerik eskatuko. Euskal kulturaren adierazle diren euskarazko abestientzat ere ez dago gutxieneko portzentajerik.

Irrati komunitarioen figura onartzen da, baina normaltasunez lan eta emititzeko ez zaizkio biderik irekitzen. Banatu behar diren 34 lizentzietatik bakar bat ere ez da irrati komunitarioentzat gorde. Lizentzia banaketa honetan parte hartu nahi izanez gero, irrati komunitarioak irrati komertzialen baldintza berberekin lehiatzera derrigortzen ditu. Honek praktikan irrati txiki komunitarioek estatu mailako kate komertzial erraldoien aurrean babesgabe eta inolako aukerarik gabe uzten ditu.

Irratien lan komunitario eta hurbileko albisteen jarraipena ez dira kontutan hartzen. Irrati komunitarioak, lekuan lekuko elkarte, udal eta herritarrekin kontaktu zuzena dute, gertuko informazioa bildu eta zabaltzen dute, entzuleekiko gertutasun handia lortuz. Herritarrek komunikabide hauetan parte hartzeko aukera dute, komunikazio alorrean protagonistak bilakatuz. Dekretuan lan herritar hau ez da baloratzen, irrati kate handiek inork baino aukera gehiago edukiz lizentziak lortzeko.

Lehiaketan parte hartuko duten irratien proiektuak alderatzeko Balorazio Mahaia egongo da. Bertan parte hartuko dutenen artean ez da euskalgintza, unibertsitateko kazetaritza fakultate edo irrati komunitarioetan eskarmentu frogatua duten pertsonarik aipatzen. Ez aipatzen ere, lizentzia banaketa ondoren aurkeztutako proiektuen bilakaera egiaztatzeko Jarraipen Batzorderik.

Dekretuaren analisiari bukaera emateko, aipatu Dekretu proiektuak zigor eta itxierak aurreikusten dituela. Nahiz eta arau horiek aplikatuko diren jakin ez –orain ere ilegalitate egoeran baikaude– irratien artean arrazoizko kezka zabaldu du.

Hau ikusirik, Arrosa Irrati Sarean ezinbestekotzat jo dugu Dekretuari alegazioak egitea, goian aipatutako puntu guzti horietan gure proposamenak eginez. Dekretu proiektu hau aldatu ezean, gaur egun dugun irrati dial erdaldun, monolitiko eta komertziala indartuko dela uste dugu.

Laburbilduz esan dezakegu Dekretu proiektu honek handiak saritu eta txikiak zigortzen dituela. Euskara zokoratzen du, irrati komunitarioei ez zaie biderik irekitzen, herritarren komunikazio eta informatua izateko eskubidea ez du bermatzen, aniztasun ideologiko eta kulturala murrizten du, irrati txikiak irrati kate handiekin lehiatzera behartzen ditu eta ez du baloratzen Euskal Herrian urteetan lan egiten ari garen irratien esperientzia ugari eta anitzak.

2011ko martxoan, Arrosa Irrati Sarea eta irrati parte-hartzaileak: Antxeta, Arraio, Arrakala, Gure, Hala Bedi, Info7, Irulegi, Koska, Matrallako, Molotoff, Oiartzun, Tas-Tas, Txapa,, Txolarre, Uhinak, Xiberoko Botza, Xorroxin eta Zintzilik
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun