
Ramon Rubial Euskal Kontseilu Nagusiko presidente eta PSOEko kide historiko erandioztarra zenaren bilobari, Eider Gardiazabal Rubiali, Europako Parlamentuan 24 minutuko jardunaldia egitea leporatu diote.
Sustatu.com-ek zabaldu duenez, eguneko dieta kobratzeko fitxatu eta Parlamentuan geratu gabe ospa egiten dutelakoan hainbat lankide salatu egin zituen orain dela hilabete bat
Nikki Sinclaire eurodiputatu ingelesak. Gainera, salaketa egiaztatzeko Sinclairek
argazkiak atera zizkien ustezko lankide alferrei. Harrapatutako zazpien artean dago Eider Gardiazabal PSE-EEko bilbotarra. Sinclairek emandako datuen arabera, Gardiazabalek pasa den otsailaren 13an goizeko 9:56an fitxatu zuen Parlamentuan eta 24 minutu beranduago, 10:20an, Bruselako aireportuan zegoen jada hegaldia hartzeko. Dena den, ez omen da eurolegebiltzarkiderik azkarrena, Danuta Jazlowiecka poloniarrak 21 minutu baino ez ei du behar eguneko dieta irabazteko. Argazkian, Eider Gardiazabal / © PSOE.