Sopelako udal arduradunek azpimarratu dutenez, herritarrei ezarriko zaien "karga inposatzailea ez da handituko", aurreikusitakoaren arabera. "Ondorioz, 2011ko zerga eta tasak izoztu egin dira, 2010ean egin zen bezala. Halaber, goi kargudunen eta udal langileriaren soldata izoztu egin da", azaldu dutenez. Ohizko gastuan ere murrizpenak izango direla aipatu dute, bere gaineko kontrola "zorrotza" izango delarik; arrazionalizazioa hobea izan dadin. Bestalde, murrizpen txikia edukiko dute kultur eta kirol aktibitateen gastuek. Murrizpenik jasoko ez duen atala giza prestazio eta laguntzena izango omen da, egoera ekonomikoa gehien pairatzen duten pertsonei zuzenduta. "Oinarri giza zerbitzuak indartu egingo dira edota pertsona nagusiei zuzendutako telealarma orokortuko da. Bestalde, indartu egingo da gizarte larrialdi eta oinarrizko errenten laguntza emate mekanismoen kontrola", azaldu dute tokiko agintariek.
Egitasmoak
Beraien hitzetan, onartutako aurrekontuarekin bete nahi diren mugarrietako batzuk ondoko hauek dira: "Iberre auzoan udal igogailua abian jartzea eta auzo berean aparkaleku bat egitea, oinezkoentzako eta ziklistentzako pasabidea eraikitzea Loroñon, Urko kirol guneko padel pista berriak, edota, Kresalia turismo eta ingurumen egitasmoa martxan jartzea". Egitasmo horiez gain, beste ekintza batzuekin ere jarraituko da: hala nola, ohizko gastuaren %0,6a mantentzea euskararen babeserako politikentzako, WIFI zonaldeen kobertura handitzea, bidegorrien planaren garapena, udal argiztapenaren hobetzea, mugikortasun, irisgarritasun eta trafiko neurri berriak ezartzea, eta hirigintza plan berrien abiaraztea babestutako etxebizitza berriak eraiki ahal izateko eta udal azpiegitura hezitzaile berria egiteko.