Frantziako Polizia Judiazalak lau euskal herritar atxilotu zituen atzo gauean Belgikako mugatik gertu, ETAko kideak izatea leporatuta. "Lau atxilotuen artean Aletxu Zobaran Arriola, 'Xarla', ustezko ETAren buruzagi militarra dagoela"
zabaldu zuen atzo Europa Press albiste agentzia espainolak. Informazio hori "terrorismoaren aurkako borrokaren iturrietatik" edan du aipatu agentziak. Zobaran Gorlizkoa da, 30 urte ditu eta Urederra komandoan ibili izana leporatzen diote, "2007an Frantziara ihes egin zuen arte".
Kazeta.info-k atzo jakinarazi zuenez, atxiloketak Frantziako iparrean jaso ziren, Willencourt herrian (Pas de Palais departamentuan), Belgikako mugatik hurbil. Ipar Euskal Herriko komunikabideak azpimarratu duenez, "Frantziako poliziak ez zituen bart atxilotuen izenak eman" eta ezagutu diren balizko datu bakarrak Espainiako Barne Ministeriotik Europa Press-i emandakoak izan dira. Oraingoz AAM-k ez du inolako daturik egiaztatu. Argazkian, Zobaran / © Guardicivil.org.