Gaur iluntzeko 7etan, Itzubaltzeta Gaztetxearen Lagunak herri ekimenaren lehenengo batzar irekia izango da Itzubaltzeta / Romoko zentro sozialean. Plataformako bultzatzaileek zabaldu dutenez, une honetan gaztetxeak "herriaren laguntza beharrezkoa" du. Izan ere, pasa den abenduan, Eusko Jaurlaritzaren menpeko Uraren Euskal Agentziak (URA) Gobela ibaian ekin dion proiekturako lurrak desjabetzeko, bi milioi euroko kreditua bideratzea onartu zuen Getxoko Udalbatzak. Gazteen zentro autogestionatua lanak egin nahi dituzten guneetako batean, Errekaganen, dago kokatuta. Gaztetxetik behin eta berriro salatu dute Gobelako lanak "aitzakia" direla haiek bertatik kaleratzeko, Ibaizabalera doan Valdes ubideari esker Errekaganen uholde arriskurik ez baitago. Argazkian, Folixa Asturiana da gaztetxearen ekimenik ezagunetariko bat.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!