Bihar, igandea, Aletxu Zobaran ustezko etakide gorliztarra eta
Frantzian atxilotutako beste euskal herritarrak askatzea eskatuko dute Plentzian. Ohar baten bidez, Plentzia eta Gorlizko ezker abertzaleak Plentziako Piruli plazatxoan jarri du "Aletxu eta besteak askatu!" elkarretaratzerako hitzordua, eguerdiko 1etan. Bere ustez, "Euskal Herrian bizi dugun gatazka politikoari konponbidea bilatu nahian urrats ugari ezagutu ditugu azken hilabeteetan. Gure herriak bizi duen momentu eta testuinguru honetan atxiloketa eta errepresio ekintza guztiek ez dute lekurik. Ezin ditugu onartu. Herritarroi gure etorkizuna baldintzatu eta ukatu nahi digute eta errepresioaren aurrean mobilizazioa eta presio soziala areagotzea dagokigu". Tokiko ezker abertzaleak aipatu ekimena babestera deitu du, "Euskal Herrian ireki den prozesu demokratikoak gu guztion aldetiko parte hartzea behar duelako". Bitartean, Espainia eta Frantziako Poliziek atxilotuak aste batez kontrolpean izan zituztela
zabaldu du gaur "Berria" egunkariak. Informazio horien arabera, Espainiako Barne Ministerioak baieztatu du atxilotuak Aletxu Zobaran, Mikel Oroz, Ivan Saez de Jauregi eta Urko Labaka direla, gaur miaketak bukatuko dituztela eta operazioa martxan jarraituko duela. Argazkian, Zobaran / © Guardicivil.org.