Euskal Herriko Mus Txapelketaren finala jokatu zen atzo Lapurdiko Urruña herriko pilotalekuan. Bertan, Uribe Kostako Antxon eta Enry sopeloztarrak, Txema eta Koldo areetarrak, eta Poio eta Kini getxoztarrak ziren jokatzekoak Euskal Herriko beste 131 bikoterekin batera. Urruñan bizitakoa azaltzeko aipatu jokalariekin harremanetan jartzen saiatu da UKBERRI.NET, baina ez da posible izan. Halere, eskualdeko ordezkariek saririk ez zutela eskuratu
jakinarazi du Kazeta.info-k. Izan ere, Ipar Euskal Herriko komunikabide digitalak zabaldu duenez, aurtengo txapelak Barañainera joan dira, bertako Iban Arraizak eta Markel Gorraizek osatutako bikoteak irabazi zuela. Txapeldunordeak, berriz, Sebastian Potxelu eta Romain Richard baionarrak izan ziren. Hirugarren Gipuzkoako Mutiloa herriko Joxe Arotzena eta Bixente Apalategi sailkatu ziren. Guztira, 4.414 lagunek parte hartu dute txapelketako hirugarren edizioan, iaz baino 800 bat gehiago. Argazkian, Iban Arraiza eta Markel Gorraiz txapeldunak / cc-by-sa Euskal Herriko Mus Txapelketa.