"Eten tuberkulosia" programaren eta Tuberkulosia Geldiarazteko Munduko Plana bultzatzeko egindako lanaren bitartez, helburu handinahia ezarri du Osasunaren Mundu Erakundeak (OME): 2015. urteari begira, gaixotasunaren prebalentzia eta heriotza-tasa erdira murriztea. Europako MM4TB More Medicines for Tuberculosis proiektuak ere bat egin du ekimen horrekin, eta EHUko Biofisika Unitateak (IZGK-EHU) parte hartzen du bertan. Europako punta-puntako hogeitik gora ikerketa-talde daude bilduta partzuergo horretan: Cambridgeko, Uppsalako eta Paviako unibertsitateak, Parisko Pasteur Institutua, La Ecole Polytechnique Federale de Lausanne (hauxe da proiektua gidatzen duena) eta merkatuan nagusi diren AstraZeneca eta Sanofi-Aventis farmazia-konpainiak, besteak beste. Proiektua joan den otsailean jarri zen martxan eta orduan hasi zen bere jarduerak gauzatzen. Guztira, 16 milioi euroko aurrekontua dauka eta Europar Batasuneko VII. Esparru Programak finantzatzen du.
Botika berriak
"Tuberkulosiari aurre egiteko botika berriak aurkitzen laguntzeko helburuarekin sortu da MM4TB. Partzuergoaren asmoa, zehatz-mehatz, farmakologiaren aldetik gutxienez bost itu berri baliozkotzea, eta bioteknologia- eta farmazia-konpainia elkartuei eramateko moduko botikentzako gutxienez familia hautagai bat aurkitzea da, konpainia horiek etorkizunean garatu ahal izateko", Marcelo Guerin Ikerbasqueko ikertzaile eta Felix Goñi irakasleak gidatzen duen Biofisika Unitatearen Glikobiologia Estrukturaleko Taldeko liderrak azaldu duenez. MM4TBren inguruan bildu den taldeak diziplina anitzeko ikuspegi osotua erabiliko du, baita hiru alderdiko "screening"-aren, medikuntza-kimikaren, genomika funtzionalaren eta biologia estrukturalaren estrategiak ere. Tekniken uztarketa horren bidez, irtenbide zehatzak bilatu nahi dira, honako hauei begira: botikentzako hautagai berriak aurkitzea, farmakologia baliozkotzea, itu berriak identifikatzea eta bakterioak eragindako infekzioak izan ohi dituen ekintza-mekanismo askotarikoak aztertzea.
"Mikobakterioen estaldura zelularrak egitura kimiko bakar eta konplexua dauka. Uste dute horixe dela arrazoi nagusia beste infekzio-prozesu batzuetan maiz erabiltzen diren antibiotiko ugarik tuberkulosiaren tratamenduan eraginik ez izateko. Biofisika Unitatean daukagun Glikobiologia Estrukturaleko Taldeak interes eta konpromiso handia dauka mikobakteriozko hormaren biosintesian eta erregulazioan parte hartzen duten proteinen mekanika- eta egitura-ezaugarriak ikertzeko eta ulertzeko. Horretarako, hainbat teknika uztartzen ditugu; hala nola, zelulen biologia, proteinen biokimika eta biofisika eta biologia estrukturala. Hemendik, proiektuari laguntzen ahalegintzen gara", adierazi du Guerin irakasleak.
Felix Goñi Biofisika Unitateko zuzendariaren iritziz, Ikerbasque Fundazioaren bitartez Guerin eurekin berriki lanean hasi izana "Biofisika Unitatea oraintxe bertan lantzen ari den Plan Estrategikoaren baitako erabakia izan da, ikerketa-talde berriak ezartzeko eta teknologia berriak garatzeko xedearekin; eta hori, jakina, erabat lotuta dago EHUren Parke Teknologikoan zentro honek izango dituen instalazio berrien eraikuntzarekin". MM4TB, hain zuzen, VI. Esparru Programaren bitartez Europar Batasunak finantzatutako NM4TB New Medicines for Tuberculosis partzuergo emankorraren jarraipena da. Guerin irakasleak dagoeneko parte hartu zuen orduko hartan. NB4TBk aurrerapauso handia eman zuen gaixotasun honen aurkako borrokan. Izan ere, benzothiazinoen segida (BTZ) aurkitu zuen. Mikobakteriozko agente mota berri hori garapen aurre-klinikoaren fasean dago orain.