Hona hemen esku-orrien bidez zabaldutako idatzia:
Gazte 1+ EZ! Ikasleok baraualdian!
Duela hiru aste urrian Gazte Independentisten aurkako sarekadatik ihes egitea lortu zuten zortzi gaztek itxialdia abiarazi zuten Baxe Nafarroako Izpura herrian. Euren lan politiko eta sozialaz arro, euroagindu eskaera izan arren aurpegia ematea erabaki zuten. Ipar Euskal Herriko kolore guztietako hautetsiek (PNB, PS, AB, Euskal Herria Bai!...) babesa eskaini zien, baita itxialdia amaitutakoan euren etxeetan hartzeko prestutasuna ere.
Hautetsien etxean bizitzen hasi eta egun gutxira, ordea, polizia frantsesak itxialdia burutu zuten gazteetako zazpi atxilotu eta espetxeratu zituen, hauetako batzuk modu bortitzean gainera, ondoan zituzten hautetsiak ere mehatxatuz. Zortzigarrenak, Irati Tobar Portugaleteko gazteak, gose grebari ekin zion beste bi hautetsirekin batera bere lagunen atxiloketa salatzeko. Bera ere, edozein momentutan atxilotua izan daiteke.
Azken bi urteetan 100 gazte izan dira atxilotuak, 90 espetxeratuak eta 64k torturak salatu dituzte inkomunikazio aldian. Lan politiko eta soziala delitu bihurtu dute, “terrorismoa”, euren hitzetan.
Gure lagunez arro gaude, euren borroka zilegi ez ezik beharrezkoa baita. Ireki berri den fase politiko berrian, ez dugu atxiloketa bat gehiago ere onartzen. Gazte mugimenduan lan egiteak arrotasunez betetzen gaitu, eta arloz arlo, lanean jarraituko dugu.
Leioako ikasleok burutzen ari garen baraualdi honekin edozein unetan atxilotzeko arriskuan den Irati Tobarri nahiz espetxean aurkitzen diren gazte independentistei elkartasuna adierazi eta euskal gazteriaren eskubide zibil eta politikoak aldarrikatu nahi ditugu.
Bide batez, bihar, martxoak 16, 12:00etan Mikel Laboa plazan burutuko den prentsaurreko masiboan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu.
Gora euskal gazteria!
Ikusi gaurko irudiak (cc-by-nc Topatu.info):