Prentsaurrekoaren bideoa
Prentsaurrekoaren audioa
Prentsaurrekoan irakurritako testua:
Ongi etorri eta eskerrik asko prentsaurrekora gerturatu zareten guztioi:
Duela hiru aste, urrian Gazte Independentisten aurkako sarekadatik ihes egitea lortu zuten zortzi gaztek itxialdia abiarazi zuten Behe Nafarroako Izpura herrian. Euren lan politiko eta sozialaz arro, euroagindu eskaera izan arren aurpegia ematea erabaki zuten. Bertan, Ipar Euskal Herriko hainbat eragile politiko, sozial eta sindikalen babesa jaso zuten besteak beste, eta baita hautetsi askok beren etxeetan babesteko prestutasuna erakutsi ere.
Hauen etxean bizitzen hasi eta egun gutxira, ordea, polizia frantsesak itxialdia burutu zuten gazteetako zazpi atxilotu eta espetxeratu zituen, hauetako batzuk modu bortitzean gainera, ondoan zituzten hautetsiak ere mehatxatuz. Zortzigarrenak, Irati Tobar Portugaleteko gazteak, bi asteko gose grebari ekin zion beste bi hautetsirekin batera bere lagunen atxiloketa salatzeko. Bera ere, edozein momentutan atxilotua izan daiteke. Espetxeratutako gazteek ere, egun batzuk beranduago gose grebarekin bat egin zuten.
Azken bi urteotan 100 gazte izan dira atxilotuak, 90 espetxeratuak eta 64k torturak salatu dituzte inkomunikazio aldian. Lan politiko eta soziala delitu bihurtu dute, “terrorismoa”, euren hitzetan.
Gure lagunez harro gaude, euren borroka zilegi ez ezik beharrezkoa baita. Ireki berri den fase politiko berrian, ez dugu atxiloketa bat gehiago ere onartzen. Gazte mugimenduan lan egiteak harrotasunez betetzen gaitu, eta arloz arlo, lanean jarraituko dugu.
Leioako ikasleok burutu dugun baraualdi honekin edozein unetan atxilotzeko arriskuan den Irati Tobarri nahiz espetxean aurkitzen diren gazte independentistei elkartasuna adierazi eta euskal gazteriaren eskubide zibil eta politikoak aldarrikatu nahi ditugu.
Hau gazteriaren aurkako erasoen aurrean herri harresia eraikitzeko hondar ale bat besterik ez da izan. Guztioi dagokigu gazte bakar batek ere barrote artean gaurik ez pasatzea, tortura gazteon hiztegitik desagertzea.
Guk, egun espetxean daudenek egindako bideari jarraipena emateko hautua egina dugu. Eremuz eremu, ikasle garen heinean, hezkuntza eredu agortu hau eraldatuko dugu! Independentzia eta sozialismoa egunero praktikan jarriz, askapen borrokari geure ekarpen xumea eginez.
Bestalde, baraualdia burutu dugun bitartean UPVk eta bere txakurrek izan duten jarrera salatu nahi dugu. Errepresioari stop! Kontrol sozialari stop!
Eskerrik asko berriz ere bertaratu zaraten guztioi, besarkada bero eta iraultzaile gure artean izaterik ez duten guztiei, eta gazteri osoari eta ikasleriari bereziki, arloz arlo borrokan jarraitzeko deia luzatu nahi dizuegu.
Independentziaren bidean...
Gazte 1 + Ez!